Itxi

KORONABIRUSA

Euskadin 51 hildako izan dira azken astean, azken 4 hilabeteko kopururik txikiena

N. B. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Positibo berriak murriztu dira, 340 atzeman baitituzte azken orduetan, eta intzidentzia metatuak behera egiten jarraitzen du poliki, baina gora egin ospitaleko presioak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Koronabirusak eraginda, 51 pertsona hil dira Euskadin astebetean, duela lau hilabetetik izandako asteko heriotza kopururik txikiena; aldiz, intzidentzia metatuak behera egiten jarraitzen du poliki-poliki, 243,8 kasuraino.

Heriotzen kopurua urriaren 26tik azaroaren 1era bitartean 46 pertsona hil zirenetik izan den txikiena da. Ordutik, hildakoen kopurua astean 57 eta 99 artean zegoen.

Eguneko datuei dagokienez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, asteartean 8.213 test diagnostiko egin, eta 340 positibo atzeman dituzte. Hala, positibotasun tasa %  4,3tik % 4,1era jaitsi da.

Lurraldez lurralde aztertuta, 174 Bizkaian detektatu dituzte, 93 Gipuzkoan, 66 Araban eta zazpi Euskal Autonomia Erkidegoan bizi ez direnen artean.

Bi asteko intzidentzia-tasa metatuak behera egiten jarraitzen du, eta 243,85ean dago. Beheranzko joera mantendu egin da Bizkaian (269,96) eta Gipuzkoan (186,55), baina gora egin du Araban, 100.000 biztanleko 260,74 kasu izan baitira.

Bilbo eremu laranjatik atera da intzidentzia metatua 296,1ekoa baitzen asteartean. Donostian behera egiten jarraitzen du (116,2 kasu), eta Gasteizen, aldiz, gora egiten jarraitzen du (286,1 kasu).

Presio asistentziala igo egin da azken orduetan. Azken egunean, 45 ospitaleratze berri izan dira (bederatzi gehiago), eta zainketa intentsiboetako unitateetan dauden pazienteen kopurua 126ra igo da, astelehenean baino bost gehiago. Gela arruntetan ospitaleratutako pertsonen kopurua 268tik 267ra jaitsi da. Guztira, 393 pertsona daude EAEko ospitaleetan, lau gehiago.

Gainera, otsailaren 22tik 28ra bitarteko datuak aztertu ondoren, 51 pertsona hil dira covid-19arekin, aurreko astean baino 17 gutxiago.

Oinarrizko birsorkuntza-tasak (R0), gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duenak, 0,88 da, aurreko egunean bezala. Araban 1era itzuli da, Gipuzkoan 0,93an dago eta Bizkaian, berriz, 0,83an.

Atzo bezala, Derion eta Santurtzin (Bizkaia) eta Oñatin (Gipuzkoa) 500 kasu baino gehiago izan dira.

Hezkuntza Sailak jakitera eman duenez, asteazken honetan 86 gela itxi dituzte, asteartean baino sei gutxiago, 50 ikastetxetan, 10 gutxiago.

Hori dela eta, koronabirusaren ondorioz itxitako gelen portzentajeak ere behera egin du % 0,49 gaur, eta % 0,52 atzo.

Gainera, ez dago aurrez aurreko hezkuntza-jarduera eten behar izan duen ikastetxerik.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (6)

Bideoak (1)