KORONABIRUSA
Errioxak itxiera perimetrala mantenduko du Aste Santuan
N.B. | EITB MEDIA
Errioxako Gobernuak kutsatzeen gorakada saihestu nahi du horrela eta barne turismoaren aldeko mugimendua sustatuko dute.
Concha Andreu Errioxako Gobernuko presidenteak asteazken honetan iragarri duenez, datorren Aste Santuan ez dute Errioxako perimetroa zabalduko, bere Gobernuaren "kezka nagusia kutsatzeen gorakada saihestea delako".
Andreu kazetarien aurrean egindako adierazpenetan azaldu duenez, "errioxar guztien esfortzu handiarekin, hirugarren olatu honen datu epidemiologikoak maila kontrolagarrietara jaistea lortu dugu", eta gorakadarik ez egotea nahi du.
"Aurreratu nuen bezala, ez dago Aste Santurik, ez da Aste Santurik izango", azpimarratu du presidenteak.
Hori dela eta, egun horietan komunitatearen perimetro-konfinamendua ez dela altxatuko nabarmendu du, baina Errioxako "barne turismo zoragarriaren aldeko barne mugimendua sustatuko da" beren lurraldera joan nahi duten errioxarrentzat, "atseden hartzeko, erlaxatzeko eta Aste Santua aprobetxatzeko".
Gobernu Kontseiluak asteazken honetako bileran erabaki duenez, Errioxak adierazleen araberako neurrien planaren 4 fasean jarraituko du (6tik), eta, besteak beste, datu epidemiologikoen bilakaeraren edo asistentzia-presioaren hobekuntzaren arabera, edukiera handituko du edo murrizketa batzuk leunduko ditu.
Plan hori otsailaren 22an sartu zen indarrean, funtsezkoak ez diren jarduerei berrekin zitzaienean eta udalerrika perimetroaren itxiera amaitu zenean, besteak beste.
Espainiako Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek Aste Santuan mugikortasuna baimendu ala ez aztertuko dute Espainiako Osasun Ministerioaren Lurralde Arteko Kontseiluaren arratsaldeko bileran. Espainiako Gobernua erkidegoen itxiera perimetrala mantentzearen aldekoa da.