Itxi

Koronabirusa

Sagarduik ohartarazi du martxoan eta apirilean ere mugatuta egongo dela mugikortasuna

agenTZIAK | eitb media

Leer en Castellano

Eusko Jaurlaritzak uste du "muturreko zuhurtziari" eusteko garaia dela oraindik, intzidentzia tasa "oso altua" delako.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi du "muturreko zuhurtziaz" jarraitzeko garaia dela oraindik, covid-19arengatik, eta "martxoan eta apirilean" mugikortasunari lotutako "neurri murriztaileak indarrean" egongo direla.

Horixe adierazi du Sagarduik Eusko Legebiltzarrean, astero legez, egin duen agerraldian, Aste Santuari begira erkidegoek hartuko dituzten mugikortasun erabakien harira, eta arratsaldean Espainiako Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde Arteko Kontseiluak mahai gainean izango duen gaia dela eta.

Sailburuak aitortu du azken egunotan "asko mantsotu" dela pandemiaren hobekuntza, eta gaur egun 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia metatua 243,8 kasuko denez, oraindik "oso altua" dela, helburua 60ra jaistea baita.

"Prebentzio neurriei eusten jarraitu beharra dago birusaren zabalkundea gelditzeko", azpimarratu du Sagarduik.

Hala ere, ospitaleetan presioa arintzen ari dela esan du Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak, egunero 43 pertsona ospitaleratzen dituztelako, duela hilabete kopuru hori 80koa zenean. Martxoan beheranzko joera horrek jarraituko duela espero du sailburuak, intzidentzia tasa 200dik behera jaistea lortzen bada betiere.

AstraZeneca hiru astez gordeko dute gehienez

Bigarren dosia ziurtatzeko gordailua "gehienez hiru astekoa" izango da AstraZenecaren kasuan, bi dosien arteko tartea handia (10-12 astekoa) denez, hornidurarekin egon litezkeen arazoak konpontzeko "nahikoa denbora" dagoelako.

Horixe iragarri du Gotzone Sagarduik, datozen sei asteetan iristen diren AstraZenecaren txerto guztiak emango dituztela argitu aurretik.

Onartu du zaila dela AstraZenecaren txertaketa "astebete baino gehiago aurreikustea", hornidura ez delako "ez egonkorra ez segurua", eta horrek "zalantza handiak" sortzen dituelako. Atzo enpresa horren 16.900 dosi iritsi ziren EAEra, baina farmazia konpainiak ohartarazi du "apirilean, maiatzean eta ekainean EBrekin hitzartutako txertoen erdia banatuko duela".

AstraZenecaren txertaketa aurreikusitako kolektibo guztietan ari dira egiten, baina prozesu gogorra omen da, oinarrizko zerbitzuetako langileei (55 urtetik beherakoei) ematen dietelako eta beharrezkoa delako zerbitzu horiek bermatzea. Horregatik, "hobeto" omen da guztiak batera ez txertatzea, albo ondorioengatik.

Txertaketa

Atzo iritsi ziren AstraZenecaren 16.900 dosiez gain, ostiralean Modernaren 8.000 jaso zituen EAEk (esperotakoaren erdia), eta astelehenean, Pfizerren 29.000 (esperotakoa baino gehixeago). Gaurdaino, bi txerto horiek "helburua bete dute: pertsona zaurgarrienak eta arriskuan dauden pertsonak babestea".

Sagarduik zehaztu du "ia amaitu" dela zaharren egoitzetako eta ezgaitasunak dituztenen zentroetako txertaketa, eta aste honetan bertan amaituko dutela Osakidetzako lehenengo lerroko langileei lehenengo dosia ematen.

100 urtetik gorakoen, osasun pribatuko lehen lerroko langileen, osasun garraiolarien, Gurutze Gorriaren eta DYAren txertaketa ere amaitzear da.

90 urtetik gorakoak eta ezgaitasunak eta mendekotasun handia dutenak txertatzen ere hasi dira, eta Osakidetzak "datozen egunetan" ekingo dio “kliniken barruan ez dauden kontsulta pribatuetako" lehen lerroko osasun langileen txertaketari.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (4)

Bideoak (1)