Auzitegi Gorena
Gipuzkoan kamioiei ezarritako bidesaria baliogabea dela berretsi du Auzitegi Gorenak
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Foru Aldundiak A-15 eta N-1 errepideetan kamioiei ezarritako bidesariaren araudia diskriminatzailea dela ebatzi zuen EAEko Auzitegi Nagusiak eta Gorenak berretsi egin du ebazpen hori.
EAEko Auzitegi Nagusiak baliorik gabe utzi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak A-15 eta N-1 errepideetan kamioiei ezarritako bidesaria, eta orain Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du ebazpen hori, Aldundiak eta Batzar Nagusiek aurkeztu zituzten helegiteak atzera botata.
2017ko urtarrilaren 12an, Garraiolarien Batzorde Nazionalak epaitegira jo zuen Foru Aldundiak ezarritako araudiaren aurka, eta, 2018ko urtarrilean, EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion, kamioiei kobratzen zieten bidesaria "zeharka diskriminatzailea" zela ebatzita.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek kasazio-errekurtsoak aurkeztu zituzten, baina Gorenak egun indarrean ez dagoen araudi hori diskriminatzailea zela berretsi du.
Espainiako Garraiolarien Elkarteen Federazioak (Fenadismer) ohar batean azpimarratu du epai horrekin Gipuzkoako bidesarien sistema indargabetuta geratzen dela.
Helegitea aurkezteaz gain, Aldundiak araudi berri bat onartu zuen EAEko Auzitegi Nagusiak lehendabizikoa baliorik gabe utzi ondoren.
Bigarren araudia ebazpen horren arabera egokitu zuten. Alabaina, Garraiolarien Batzorde Nazionalak berriro jo zuen epaitegira, eta EAEko Auzitegi Nagusiak araudi berri hori ere indargabetu zuen 2020ko maiatzean. Kasua Auzitegi Gorenaren azken erabakiaren zain dago.