Koronabirus
Jasotako txertoen % 10 soilik gordetzen ditu orain Osakidetzak
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren arabera, aste honetan bultzada handia emango diote txertaketari, eta, aurreikusitakoaren arabera, 45.263 dosi jarriko dituzte.
Txertaketa estrategia aldatu du Euskal Autonomia Erkidegoak, eta gutxitu egin du bigarren dosirako gordetako txerto kopurua. Hain zuzen ere, jasotako dosien % 10 soilik gordeko ditu aurrerantzean, hau da, 249.810 txertoetatik 25.186.
Orain dela bi aste, txertoen % 22,5 gordetzen zituzten bigarren dosi baterako.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak iragarri duenez, aste honetan bultzada handia emango diote txertaketari, eta, aurreikusitakoaren arabera, 45.263 dosi jarriko dituzte.
Hain justu, AstraZenecaren 34.929 txerto jarriko dituzte, Modernaren 6.037 eta Pfizerren 4.297. Horretarako, txertaketa gune handiak erabiliko dituzte, hala nola Illunbe.
Guztira, orain arte 124.365 lehen dosi jarri dituzte, eta 54.996 pertsona dagoeneko immunizatuta daude, bigarrena ere jaso dutelako.
Gehienbat zentro soziosanitarioetako egoiliarrak eta profesionalak dira immunizatutakoak, horien % 98,9k jaso baitute txertoa.
Osakidetzan eta osasun langileen artean, profesionalen % 84k jaso dute lehen dosia, eta % 41,8k bigarrena.
Ertzaintzaren kasuan, agenteen % 87,6k jaso dute lehen dosia, baina bigarrena ez dira jartzen hasi oraindik.
Eguneko zentroetan eta urritasunen bat duten pertsonen artean ere aurrerapausoak eman dira, eta lehen dosia % 50,6ri jarri diete jada. Haur Hezkuntzan eta Heziketa Berezian, aldiz, % 44,2k jaso dute.