Futbola
Lehendakaria ez da joango Realaren eta Athleticen arteko Kopako finalera
agentziak | eitb media
Zupiriak azaldu duenez, ez da Eusko Jaurlaritzako ordezkaririk bertaratuko Sevillan: "Publikorik egongo ez bada, gu ere ez gara han egongo".
Iñigo Urkullu lehendakaria ez da joango apirilaren 3an Realak eta Athleticek Sevillako La Cartujan jokatuko duten 2020ko Kopako finalera, eta ez da Eusko Jaurlaritzako ordezkaririk izango bertan, Bingen Zupiria bozeramaileak jakinarazi duenez. Izan ere, bere esanetan, "publikorik egongo ez bada, gu ere ez gara han egongo".
ETBko QMEC saioan egindako elkarrizketa batean gogorarazi duenez, Kopako finala ateak itxita jokatuko da, "behar den bezala", eta berretsi du ezin dela ospakizun jendetsurik egin hurrengo egunean.
Lehendakariak La Cartujara joateko gonbidapenik ez duela jaso aipatu ostean, azaldu du Eusko Jaurlaritzaren erabakia dela Iñigo Urkullu eta Jaurlaritzako "beste ordezkaririk" ez joatea partida horretara.