Itxi

Koronabirusa

Positiboek egonkortzera egin dute eta tasa % 2,8ra jaitsi da Nafarroan

E. G. | EITB Media

Leer en Castellano

Murchanten agerraldia atzeman dute azken egunetan, eta atzo bertan zazpi kasu zenbatu zituzten.

Adineko gizon bat, maskara aldean. Argazkia: EFE

Covid-19 kasuek egonkortzera egin dute azken orduetan Nafarroan. Atzokoan 50 positibo zenbatu zituzten, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.

Zehazki, atzo 1.802 proba diagnostiko egin zituzten (aurrekoan egunean baino 813 gehiago), eta proba gehiago egin arren, positibotasun tasa bi puntu jaitsi da, % 2,8raino. 

Bezperako datuekin alderatuta, egonkortzerako joera bistakoa da (47 atzeman zituzten), eta beherakada txiki bat ikus daiteke duela astebeteko (59) zein bi asteko datuekin (57) erkatuta.

Azken egunotan, agerraldia atzeman dute Murchanten, eta horregatik, atzo ere udalerri hori izan zen positibo gehien pilatu zituena: zazpi. Zerrendan bigarren postuan dago Iruñeko Buztintxuri auzoa, sei kutsatzerekin; hirugarren ageri da Antsoain, bostekin, eta Iruñeko Donibane auzoa eta Berriozar, laugarren, launa positiborekin.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (2)