KORONABIRUSA
Gaur erabakiko dituzte San Joseko zubirako eta Aste Santurako murrizketak
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Autonomia erkidegoen itxiera perimetrala mantentzea eta etxeratze agindua 23:00etara atzeratzea proposatuko du Espainiako Gobernuak Lurralde arteko Osasun Batzordean.
Lurralde arteko Osasun Kontseiluak gaur erabakiko ditu San Joseko zubian eta Aste Santuan indarrean egongo diren neurri murriztaileak.
San Joseko zubiari eta Aste Santuari begira, autonomia erkidegoen itxiera perimetralari eustea (Balearretan eta Kanarietan salbu) proposatuko du gaurko bileran Osasun Ministerioak. Halaber, etxeratze agindua 23:00etan izatea ere jarriko du mahai gainean.
Carolina Dariasek zuzentzen duen Ministerioak eremu publiko itxietan gehienez 4 pertsona elkartzea, eta eremu publiko irekietan muga hori 6koa izatea planteatuko du, bizikideak ez direnen kasuetan.
Osasun Ministerioaren helburua da neurri horien aplikazioa derrigorrezkoa izatea erkidego guztietan martxoaren 17tik 21era San Jose eguna ospatzen dutenetan eta martxoaren 26tik apirilaren 9ra guztietan. Era berean, etxeratzeko agindua ere Estatu osoan bera izatea nahi du, eta 23:00etatik 06:00etara egotea indarrean.
Madrilgo Erkidegoak egunak daramatza esaten mugikortasunari ezarritako mugen aurka dagoela. Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidenteak berretsi duenez, "eskualde osoak ixteak azken aukera izan behar du".
Espainiako Gobernuak ez du erabakirik inposatuko, eta erkidegoekin "arrazoitu eta hitz egingo" du hirugarren olatuaren deseskalatzearen inguruan, Maria Jesus Montero bozeramaileak atzo adierazi zuenez.