Itxi

Fukushima

Kaosetik hamar urtera

EITB MEDIA

Leer en Castellano

2011. urtean, sismo batek erradiazio-ihesa eragin zuen Fukushimako zentral nuklearrean (Japonia). Ondorioak nabariak dira oraindik.

Fkushima I zentralean izandako leherketa. Argazkia: artxiboa

2011ko martxoaren 11, ostirala. 8,9 magnitudeko lurrikara batek Japonia dardarka utzi eta suntsipena ekarri zuen tsunamia eragin zuen. Milaka pertsona hil eta desagertu ziren, milaka etxe eraitsi zituen eta kaleak zaborrez bete ziren. Baina kaosaren hasiera besterik ez zen izan: Japonian dauden 54 zentraletako batek arazoak zituen. Fukushima I.aren hozte-sistemak huts egin zuen eta erradiazio-ihesa haren inguruetan zabaltzen hasi zen.

Japoniako Gobernuak instalazioetatik hiru kilometrora bizi ziren 6.000 pertsona ebakuatu zituen, “ihes txikia” zela esanez herritarrak lasaitzeko. Denborarekin, Fukushimako zentrala nazioarte mailako arazo bihurtu zen, eta zentraletik 20 kilometroko eremuan bizi ziren 100.000 pertsona ebakuatu behar izan zituzten.

Herritarrak eta erradioaktibitatea

Ihesaren ondorioz, erradiazioa asko hazi zen denbora gutxian (24 orduan, 72 aldiz handiagoa zen). Beraz, Japoniako Gobernuak ebakuazio-eremua 10 kilometrotik 20ra zabaltzea erabaki zuen. Zentraletik 20 eta 30 kilometro bitarteko eremuan bizi zirenei, gainera, ateak eta leihoak ixteko eta ahalik eta gutxien ateratzeko eskatu zien. Handik hilabetera, 40 kilometroko eremuan bizi zirenak ebakuatu zituzten.

Guztira, 360.000 pertsona atera ziren etxetik eskola eta eraikin publikoetara lekualdatzeko. Zentraleko langile gehienak ebakuatu zituzten, eta erreaktorea hozteko lanetan aritu zirenek minbizia izateko aukera biderkatu egin zen erradiazioaren eraginpean aritu zirelako.

Agintarien arabera, berriz, gehiegizko esposizioak ez zien osasunerako kalterik eragin, adituek kontrakoa esan arren. Horien hitzetan, erradioaktibitateak erredurak, goragalea, antzutasuna edota minbizia eragiten ditu, batez ere ume eta nerabeen artean.

Horiei aurre egiteko, Gobernuak erradiazioa neurtzeko gailuak banatu zizkien 34.000 umeri. Hiru urte geroago, 104k tiroideetako minbizia zuten, xurgatutako iodo erradioaktiboaren partikulen ondorioz. Horietako 57k 5 eta 41 milimetro arteko tumoreak garatu zituzten, batez beste, 14,8 urte zituztela; gehienak neskatoak ziren.

Hilero egiten zizkieten erradiazio neurketek minbizia sufritzeko aukera handitu zutela uste dute.

Zenbait aurrekari

Lurrikarak 13.000 hildako eta 14.000 desagertu utzi zituen, baina ofizialki horietako batek ere ez zuen zerikusirik Fukushima I.aren erradiazio-ihesarekin. Honek 1979an Harrisburgeko (Pennsylvania, AEB) Three Miles Island zentralean gertatutakoa ekartzen du gogora: ez zen inor hil, baina zentral nuklearren jarduna 30 urtez geldiarazi zuen.

27 urte geroago, 2006an, japoniar epaitegi batek Shika zentralaren erreaktoreak gelditzeko agindu zuen, lurrikara handi bat jasateko gai izango ez zen beldur. Handik urtebetera, Kashiwazaki-Kariwa zentralak, munduko handienak, likido erradiaktiboa isuri zuen 6,8 magnitudeko sismo baten ondorioz kalteak jasan ondoren. 2011n geldiarazi zuten.

Aurrekaririk garrantzitsuena, baina, zentral nuklearren inguruko eztabaida urte askotan mahai gainean izatea eragin zuena, Txernobyl (Ukraina, 1986) da. Fukushimako istripuak eztabaida gogortu zuen. Izan ere, munduko hondamendi handienetik 6 urtera, japoniarren erdiak baino gehiago zentralak ixtearen alde zeuden. Gobernuak, aldiz, ez zuen uste beharrezkoa zenik.

Egun, 10 urte geroago, energia berriztagarriek herrialdeari eskaintzen dizkioten aukera eskasak direla eta, energia nuklearra bultzatu nahi dute berriro. Industria ministroa, Hiroshi Kajiyama, energia atomikoaren alde dago, eta “ezinbestekoa” dela uste du. “Japoniako geografiak mugak ditu, eta bertan ez da Europan edo Ipar Amerikan bezain erraza energia berriztagarriak sartzea”, horren hitzetan.

Txostenak eta gardentasuna

Japoniar herritarrak energia nuklearretik aldentzeko beste arrazoi bat Tepco enpresaren eta Naoto Kan orduko lehen ministroaren Gobernuaren kudeaketa txarra izan zen. Gardentasun faltak, sekretismoak eta txostenen irregulartasunak energia atomikoa berriro bultzatzea geldiarazi zuten urteetan zehar.

1978an, Fukushima I.a itxi zuten fusio nuklearrerako erabiltzen ziren kontrol-barrekin lotutako istripu baten ondorioz. 1977. urtetik 2002. urtera, Tepcok txosten faltsuak aurkeztu zizkion Administrazioari, zentralen benetako egoera eta bertan gertatutako arazo eta istripuak estaltzeko.

2006an, Japoniako Fiskaltzak Tepco enpresako hiru zuzendari inputatu zituen: Tsunehisa Katsumata zuzendaria eta Sakae Muto eta Ichiro Takekuro presidenteordeak. Lanean zabarkeriaz aritzea egotzi zien, zentrala babesteko beharrezkoa zen informazioa ez biltzeagatik eta beharrezkoak ziren neurriak ez hartzeagatik.

Fiskaltzak bost urteko kartzelaldia eskatu zuen bakoitzarentzat, baina, azkenik, 2019ko uztailean izandako epaiketan, absolbitu egin zituzten. Epaia kritikatu egin zuten bai kalteak jasan zituzten herritarrek bai aktibistek (Greenpeace, tartean): “Hondamendia izan zenetik zortzi urte baino gehiago pasatu direnean, Tepcok eta Gobernuak azalpenak eman gabe jarraitzen dute, zientziak urteetan zehar arrisku nuklearren berri eman duen arren”.

Nazioarteko perspektiba

Fukushima I.an gertatutakoaren oihartzuna nazioartean entzun zen. Eztabaida sortu zen herrialdeen artean: arriskuak gorabehera, batzuek energia nuklearraren alde egiten jarraitu zuten, eta beste batzuek energia berriztagarriak bultzatzeko planak sustatzeari ekin zioten.

Garai hartan Frantziako presidente zena, Nicolas Sarkozy, energia nuklearraren alde agertu zen erabat; izan ere, II. Mundu Gerraren ostean, Frantziaren garrantzi ekonomikoaren zati bat zentral nuklearrek eragin zuten. Egun, Frantziako elektrizitatearen % 75 zentral nuklearren bidez lortzen dute.

Emmanuel Macronek, egungo presidenteak, energia nuklearrarekin jarraitzeko asmoa badu ere, iaz Frantziako zentralik zaharrena (Fessenheim) ixteko agindua eman zuen, 2012. urtean François Hollandek proposatutako planari jarraituz. Hurrengo urteetan, 12 erreaktore amatatuko dituzte eta 56k ohi bezala jarraituko dute. Gainera, beste erreaktore bat ari dira eraikitzen Flamanvilleko zentralean.

Alemanian, aldiz, Fukushimako istripua gertatu eta gero, hamaika protesta antolatu ziren zentral nuklearren aurka. Orduan, Gobernuak zentral guztiak 2022a baino lehen itxiko zituela adierazi zuen. Momentuz, zentraletan ekoitzitako elektrizitatea murriztu eta energia berriztagarrietan inbertitu du, eredu energetiko zabalagoa eskaintzeko asmoarekin. 2030erako elektrizitatearen % 65 energia berriztagarrien bidez ekoitzi nahi dute.

Espainian, Garoña zentralaren inguruan sortu zen eztabaida, Fukushimakoak zuen barne-egitura bera zuelako. Gobernu sozialistak 2011n ixteko asmoa zuen, zentralak 40 urte bete ondoren, baina 2013. urtera arte luzatu zuen ixteko epea, inolako arriskurik ez zegoela ziurtatuz. Egun, bost zentral daude aktibo Espainian, baina 2027an horiek ixteko prozesua hasi eta 2033an amaituko dute.

Isurketak

Frantzia eta Japoniaren arteko harremana adiskidetsua bada ere, gero eta tirabira gehiago daude Hego Korea eta Japoniaren artean energia nuklearraren ondorioz. Tepcok ezin du ur kutsatua biltegietan biltegiratzen jarraitu, eta Japoniako Gobernua ur hori ozeano Barera botatzeko baimena ematea aztertzen ari da.

Arrantzaleak ere isurketen aurka daude. Itsas fauna eta floraren erradiazioa txikitzen hasi bada ere, orain bi urte hasi ziren berriz arrain-enkanteak Fukushiman. Salmentak % 20ren azpitik daude oraindik, eta arrantzaleek ez dute egoera are gehiago okertzerik nahi.

Japoniako Gobernuaren arabera, ur kutsatuaren isotopo erradiaktiboak gutxi irauten du. Baina, egia esan, isotopo hori ez da inoiz guztiz desagertzen, ur molekulen parte bihurtzen baita.

Fukushima I.a ez litzateke izango itsasora isurketa erradiaktiboa egiten duen lehen zentrala. Hainbatek egin ohi dute, horrela ingurumena izugarri kutsatu arren.

Greenpeacek martxoan argitaratutako eta 10 urtetan egindako ikerketa baten arabera, erradiazioak legezko mugak gainditzen ditu oraindik gehien kaltetutako inguruetan. Ondorioz, herritarrek, umeek bereziki, aurre egin beharko diote luzaroan minbizia eta antzeko gaitzak pairatzeko arriskuari.

Bestalde, itsasora isuri nahi duten ur kutsatua (1,23 milioi tona) zein arriskutsua izan daitekeen argitzeko ikerketa bat egiteko eskatu dio talde ekologistak Japoniako Gobernuari.

Zentral nuklear baten zaborra desagerrarazteko modurik aurkitu ez badute ere, Raquel Montón Espainiako Greenpeace erakunde ekologistako Energia arduradunak eskari zuzena egin dio industriari: “Industria orok gai izan beharko luke sortzen dituen hondakinen kudeaketa ordaintzeko edo horiek ekoizteari utzi beharko lioke berehala”.

Galeriak (1)