Koronabirusa
Osakidetzak 14.349 dosi eman ditu azken bi egunetan, txertaketa nabarmen bizkortuta
agentziak | eitb media
Otsailaren amaierako txertaketa erritmoarekin alderatuta, ia laukoiztu egin da egun bateko dosi kopurua, orduan 2.000 inguru ematen baitzituzten.
Osakidetzak covid-19aren aurkako txertaketa kanpainaren erritmoa bizkortu du, eta azkeneko bi egunetan 14.349 pertsonak jaso dute dosiren bat (13.398k, lehenengoa; 951k, bigarrena).
Osasun Sailaren azken txostenaren arabera, martxoaren 10erako 193.710 pertsonak jaso dute txertoa, eta astelehenean 179.361 ziren. Guztira EAEko 137.763 herritarrek jaso dute txertoaren lehenengo dosia; eta 55.947k, bigarrena.
Datu horiek agerian uzten dute zenbat bizkortu den txertaketa EAEn otsailaren amaierarekin alderatuta, orduan 2.000 baino zertxobait gehiago ematen baitziren egunean.
Eman dituzten dosi guztietatik, gehienak Pfizerrenak dira, 160.521 zehazki; AstraZenecarenak dira 24.977, eta 8.212 Modernarenak.
Oraindik ez dute AstraZenecaren bigarren dosirik eman, baina Pfizerren 54.250 eta Modernaren 1.697 eman dituzte.