Koronabirusa
Positibo berriak 66ra igo dira Nafarroan
E. G. | EITB MEDIA
Bezperan baino 14 kutsatze gehiago dira, baina duela bi aste baino 16 gutxiago. Positibotasun tasa % 2,2tik %3,6ra igo da.
Koronabirus kasuek gora egin dute azken orduetan Nafarroan, 66 zenbatu baitituzte, 1.832 proba (PCR eta antigenoak) egin ostean, eta positibotasun tasa % 3,6koa da, Nafarroako Gobernuaren behin-behineko datuen arabera.
Kopuru hori aurreko egunekoa (asteartekoa) baino handiagoa da; izan ere, 52 kutsatze izan ziren osasun sistema publikoan 2.295 proba egin ostean, eta, beraz, positibotasun tasa % 2,2koa izan zen.
Bezperan baino 14 kutsatze gehiago dira, eta duela astebeteko datuekin alderatuta ere, lau gehiago dira. Nolanahi ere, duela bi aste zenbatutakoak baino 16 gutxiago dira.
Positibo gehien pilatu dituzten udalerri edo guneei dagokienez, atzo, Iruñeko San Jorge auzoan izan ziren positibo gehien, zortzi, Atarrabian zazpi eta Valtierran sei.