Itxi

Koronabirusa

Positiboak 60ko langatik gora kokatu dira berriro Nafarroan

E. G. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

67 kutsatze zenbatu dituzte, bezperan bezala. Proba gehiago egin diren arren, positibotasun tasa apenas aldatu da: % 3,5ean dago.

Bi osasun langile proba batekin. Argazkia: EFE

Eguneroko kutsatzeen zifrak 60ko langatik jaitsi ezinda jarraitzen du Nafarroan, eta atzokoan 67 zenbatu zituzten, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.

Zehazki, atzo 1.907 proba diagnostiko egin zituzten (aurreko egunean baino 75 gehiago), eta horietatik % 3,5 positibo izan ziren. Hala, proba gehiago eginda ere, positibotasun tasa hamarren bat jaitsi da.

Bezperako kopuru bera da, eta duela astebete baino lau gutxiago. Dena dela, duela bi asteko datuekin alderatuta, 17 kasutan egin du gora.

Herri edo guneka, Iruñeko Arrotxapea auzoan eta Valtierran atzemandako zortzina kasuak dira aipagarri. Zerrendan bigarren datoz Corella, Txantrea eta Donibane (biak ala biak Iruñeko auzoak), launa positiborekin.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (2)