Itxi

Koronabirusa

AstraZenecaren txertaketa aldi baterako geldiarazi dute EAEn eta Nafarroan

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Leer en Castellano

AstraZenecaren txertaketa 15 egunez eteteko erabakia hartu du lurraldeen arteko Osasun Batzordeak. Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan ez da ondorio larririk izan.

AstraZenecaren txertoa jartzen aritu dira Illunben. Artxiboko argazkia: EFE

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak AstraZenecaren txertoarekin egiten ari ziren kanpaina aldi baterako gelditzeko agindua eman dute. Aurrez, premiazko bilera batean, lurraldeen arteko Osasun Batzordean AstraZenecaren txertaketa 15 egunez eteteko erabakia hartu dute.

Hainbat herrialdetan zenbait tronbosi kasu izan dira eta Sendagaien Europako Agentziak eta Osasunaren Munduko Erakundeak txertaketarekin lotuta dauden argitzeko ikerketa bana abiatu dituzte.

Bitartean, Espainia, Frantziak, Alemaniak, Frantziak eta beste hainbat herrialdek AstraZenecarekin egiten ari ziren txertaketak behin-behinean geldiaraztea erabaki dute.

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak enpresa-farmazeutiko horren 54.800 dosi jaso ditu eta horietatik 50.474 jarri ditu. Denak lehendabiziko dosiak izan dira, bigarrena hiru hilabetera eman behar baita.

Osasun Sailak joan den ostiralean jakinarazi zuenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez da kasu larririk izan eta txerto hori hartu dutenen % 1ak soilik izan ditu bigarren mailako ondorio arinak.

AstraZenecaren txertoa 55 urtetik beherakoei zuzenduta dago. Lehen lerroan aritzen ez diren ospitaleetako lehen arretako langileei eta eguneko zentro sozio-sanitarioetako beharginei jarri zieten lehendabiziko txandan.  

Ondoren, beste hainbat kolektibotako kideei jartzen aritu dira: ertzainei, udaltzainei, irakasleei, farmazeutikoei, migratzaileentzako zentroetako langileei edo fisioterapeutei, besteak beste.  

Osakidetzaren egutegiaren arabera, hurrengo txandan garraio publikoko langileei, supermerkatuetako beharginei, presoei edota etxez etxe ibiltzen diren gizarte-langileei jarri behar zieten.

Nafarroan ere aldi baterako eten dute AstraZenecarekin egiten ari ziren txertaketa kanpaina. Orain arte 17.251 dosi jarri dituzte eta inork ez du tronbosirik izan, ezta bestelako ondorio larririk ere.

Nafarroako Gobernuak enpresa-farmazeutiko horren dosi guztiak atxiki ditu eta aste honetan txertoa eman behar zieten lagunei -700 bat pertsona- hitzordua bertan behera geratu dela jakinarazten hasi dira gaur arratsaldean.   

Joan den otsailaren 8tik hona, 23.600 dosi iritsi dira Nafarroara eta 17.251 jarri dituzte (% 73). Astelehen honetan beste 3.200 heldu dira.

Koronabirusaren aurkako borrokan lehen lerroan aritzen ez diren osasun esparruko beste langile batzuk immunizatzeko erabili dute AstraZenecaren txertoa, hala nola fisioterapeutak, podologoak edo haginlariak.

Halaber, funtsezkoak diren beste kolektibo batzuetako langileei ere jarri diete AstraZenecaren txertoa: irakasleak eta foruzainak, besteak beste.

Albisteak (5)