Itxi

KORONABIRUSA

Kutsatzeen igoera nabarmena Nafarroan: ia 100 kasu atzeman dituzte

E. G. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Otsailaren 9ra arte egin behar da atzera positibo kopuru handiagoa topatzeko (139 izan ziren orduko hartan).

Osasun langile bat emakume bat txertatzen Nafarroan. Argazkia: EFE.

Kutsatzeen kopuruak nabarmen egin du gora Nafarroan azken orduetan, eta ia 100 zenbatu dituzte (99), Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.

Zehazki, atzo 2.231 proba diagnostiko egin zituzten (aurreko egunean baino 101 gehiago) eta horietatik % 4,5 positibo izan ziren. Positibotasun tasak puntu bat baino gehiago egin du gora (% 3,2an zegoen astelehenean).

Joan den otsailaren 9tik izandako kopururik altuena da (139 positibo atzeman zituzten orduan). Bezperako datuekin alderatuta, 31 gehiago dira, eta duela astebete eta bi aste  baino 47 eta 42 gehiago, hurrenez hurren.

Guneka, Lizarran eta Iruñeko Txantrea auzoan atzeman dituzte kasu gehien, zazpina, hain justu. Lerinen eta Lodosan sei kutsatze zenbatu dituzte.

Gainera, martxoaren 8tik 14ra, aldaera britainiarrarena izateko susmoa zuten kutsatzeak balantze osoaren % 67ra iritsi ziren.

Atzo 73 ziren covid-19arekin Foru Erkidegoko ospitaleetan ingresatuta zeudenak, bezperan baino bi gutxiago.

Zortzi pertsona ospitaleratu zituzten koronabirusarekin lotuta, horietako bi ZIUn, eta bi pertsona hil ziren, 54 eta 82 urteko bi gizonezko. Hala, Nafarroan 1.118 pertsona hil dira gaitzak jota pandemia hasi zenetik, eta 52.347 kutsatu dira.

Osasunbideak jakinarazi du osasun langileen artean lau daudela kutsatuta, eta azken astean kutsatze bakar bat izan dela, 13.000 profesionalek osatutako sektorean.

Kasu berrien artean, 15 urtetik beherakoak izan dira % 25, eta % 22a 30 eta 44 urte artekoei dagokie. Ondoren daude % 20arekin 45 eta 59 urte artekoak, 15-29 urtekoak (% 17), 60-75 urtekoak (% 13), eta 75 urtetik gorakoak (% 3).

Positibo berrien batez besteko adina 35,5ekoa da da, eta % 52 gizonezkoak dira.

Txertaketa prozesuko azken datuen arabera, atzo 1.255 dosi eman zituzten, eta jasotako 109.485 dosietatik 91.684 dira jarritakoak, tartean AstraZenecaren 9.500.

29.580 pertsonak immunizazio prozesua osatu dute bigarren dosia jaso ostean, eta horietatik 598k, atzo.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (2)