Itxi

KORONABIRUSA

Sendagaien Europako Agentziak gaur jakinaraziko ditu AstraZenecari buruzko ondorioak

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Leer en Castellano

Txertoaren eta odolbildu kasuen artean kausa-ondorio erlaziorik ote dagoen argituko du.

AstraZeneca enpresaren txertoa. Artxiboko argazkia: EFE

Sendagaien Europako Agentziak gaur arratsaldean iragarriko ditu koronabirusaren aurkako AstraZenecaren txertoari buruzko bere ondorioak, txertatutako pertsonen artean izan diren tronbosi kasuak aztertu ostean. Astelehenean AstraZenecaren txertaketa aldi baterako etetea erabaki zuten Europako hainbat herrialdek, tartean Espainiak eta Frantziak. 

Agentziak astelehenean aurreratu zuenez, "ez dago frogarik" txertoak odolbilduak eragiten dituela pentsatzeko. Are gehiago, txertoaren onurak kalteak baino handiagoak direla azpimarratu zuen.

16:00etatik aurrera jakinaraziko ditu Sendagaien Europako Agentziak txertoaren inguruan atera dituen ondorioak.

Espainiako Osasun Ministerioak atzo aurreratutakoaren arabera, Sendagaien Europako Agentziak AstraZenecaren txertoari buruz esango duenari men egingo dio. Carolina Darias Osasun ministroaren esanetan, Osasun Ministerioa Europako agentziaren erabakiaren zain dago.

Aipaturiko agentziak ondorioztatzen badu ez dagoela loturarik AstraZenecaren txertoaren eta odolbilduen artean, Carolina Darias Osasun ministroak Lurraldearteko Osasun Kontseilua deituko du AstraZenecaren txertaketari berehala berrekiteko aukera mahai gainean jartzeko.

Astelehenean AstraZenecaren txertoa erabiltzeari utzi ziotenetik, txertaketaren erritmoa nabarmen jaitsi da Espainiako Estatuan, 150.000tik 114.867ra, hain zuzen ere.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (4)