KORONABIRUSA
Kutsatzeek behera egin dute berriro Nafarroan, astearteko igoeraren ostean
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Zehazki, 70 kasu atzeman dituzte azken orduetan. Positibotasun tasa % 3,9ra jaitsi da.
Koronabirusa atzemateko probetan izandako positiboen kopuruak behera egin du berriro Nafarroan azken orduetan, 70 positibo zenbatu baitituzte, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera.
Atzo, 1.788 proba egin zituzten eta 70 positibo detektatu zituzten; bezperan 100 izan ziren. Halaber, positibotasun tasak ere behera egin du egun batetik bestera: % 4,5etik % 3,9ra, hain zuzen ere.
Kasu gehien pilatzen dituzten udalerri edo guneei dagokienez, Cascanten bost positibo izan ziren atzo; eta launa Altsasun, Lizarran, Milagron eta Atarrabian.
Koronabirusaren eraginez ospitalean dauden pazienteen kopuruan ez da aldaketarik izan: 73 dira. Atzo, hiru pertsona ingresatu zituzten, horietako bi zainketa intentsiboetako unitatean.
Azken orduetan ez da heriotzarik izan, baina pandemia hasi zenetik 1.118 pertsona hil dira covid-19aren ondorioz Nafarroan.
Zonaldeka, kasu positiboen % 55 Iruñerrian detektatu dituzte, % 25 Tutera inguruan eta % 10 Lizarraldean. Positibo berrien bataz besteko adina 42 urtekoa da.