Itxi

Koronabirusa

San Jose zubian bizikideak bakarrik bildu ahalko dira etxeetan

E. G | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Atzo sartu zen indarrean Lurraldeen arteko Osasun Batzordean erkidegoek adostutako akordioa. Horren arabera, hainbat murrizketa izango dira zubi honetan zein Aste Santuan.

Nekazal turismoko etxeetan ere bizikideak bakarrik bildu ahalko dira. Argazkia: EITB MEDIA

Atzotik, hilaren 17tik, eta San Jose zubian zehar, espazio pribatuetan bizikideak bakarrik elkartu ahalko da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan, Lurraldeen arteko Osasun Batzordeak adostutako "2021eko San Jose jaiegunaren eta Aste Santuaren harira osasun publikoaren alorrean jarraitu beharreko jardunbide koordinatuen Adierazpena"ren arabera.

Akordioa hilaren 10an adostu zuten erkidegoek eta Espainiako Gobernuak. Espazio pribatuetako bilkurak mugatzeaz gain, beste murrizketa batzuk jasotzen ditu itunak covid-19aren hedatzea geldiarazteko asmoz. Hala nola, erkidegoen itxiera perimetrala (Kanariak eta Balearrak kenduta), etxeratze agindua (gehienez, 23:00etatik 06:00etara) eta espazio publikoetan bildu ahal daitezkeen pertsona kopurua. Azken horretan, espazio publiko itxietan gehienez lau pertsona elkartu ahalko dira, eta irekietan, asko jota, sei.

EAEren kasuan, Estatu mailako akordioa baino murriztaileagoa da hainbat kasutan martxoaren 5eko lehendakariaren dekretua. Euskadin 22:00etatik hasita dago debekatuta mugikortasuna. Espazio publikoetan, izan itxiak edo irekiak, lau pertsona bil daitezke gehienez. Hortaz, aldaketa bakarra egongo da bost egun hauetan: espazio pribatuan (etxebizitzak, nekazal turismoko etxeak eta tankerakoak) bizikideetara mugatu beharko dira bilkurak.

Nafarroan, aldiz, bi neurriri eragingo die Lurraldeen arteko Batzordearen itunak: ostalaritza establezimendu baten barrualdean bil daitekeen pertsona kopuruari (seitik laura igaroko da) eta, EAEn bezala, espazio pribatuko bilkurei (bizikideak bakarrik).

Murrizketa horiek denak Aste Santuan ere egongo dira indarrean, hots, martxoaren 26tik apirilaren 9ra.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (2)