koronabirusa
Polena koronabirusaz kutsatzeko arrisku-faktore izan daiteke, ikerketa baten arabera
eitb media
Ikertzaileek partikulentzako iragazkia duten musukoak erabiltzea gomendatu dute udaberriari begira.
Atmosferan topa daitekeen polen maila arrisku-faktore esanguratsua izan daiteke koronabirusaz kutsatzeko. Hala ondorioztatu du Nafarroako Unibertsitatearen partaidetza izan duen nazioarteko ikerketa batek. 31 herrialdetan burutu da eta atmosferaren polen edukiak "infekzio-tasetan behatutako aldakortasunaren % 44" azaltzen duela ondorioztatu dute.
Ikerketarako, Nafarroako Unibertsitateko zientzialariek polena monitorizatu dute azken bi urteetan zehar, Nafarroako Ospitale Gunearekin elkarlanean. Laginak jaso dituzte astero, eta airean metro kubikoko dauden aleen kopurua neurtu dute.
Neurketak Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak enkargatu ditu LIFE NAdapta proiekturako. Larrialdi klimatikoaren aurrean egokitzapen-neurriak garatzen ari den Europa mailako ekimena da.
Ikerketak partikulentzako iragazkia duten musukoak erabiltzea gomendatu du. Udaberriari begira, arrisku-talde baten parte diren pertsonek, alergikoek, esate baterako, aintzat har dezaketen prebentzio-neurria da. Edonola ere, Arturo Ariño ikertzaileak adierazi du musuko higieniko gehienek, "ondo erabiliz gero", polenarekiko esposizioa mugatu dezaketela. Hala, "alergiekin zerikusia duten sintomak eta covid-19az kutsatzeko aukerak ere gutxituko dira".
Ariñok argitu duenez, "polena beti dago airean" askotariko kontzentrazio-mailatan, tokiaren, egunaren edo urteko unearen arabera; "horregatik da ezinezkoa esposizioa erabat ekiditea". Dena den, "nabarmen murriztu daiteke toki itxietan partikulentzako tranpak eta iragazkiak erabiliz, eta, oro har, giroa garbi mantenduz".