KORONABIRUSA
Osakidetzak baheketa batera deitu ditu 19 eta 65 urte bitarteko Elorrioko bizilagunak
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Probak gaur 16:00etan hasiko dira herriko kiroldegian eta asteazkenean amaituko dira. Aurrez hitzordua eskatu behar da.
19 eta 65 urte bitarteko Elorrioko bizilagunak PCR probak egitera deitu ditu Osakidetzak covid-19az kutsatuta dauden edo ez jakiteko. Baheketa masiboa astelehen honetan hasi eta asteazkenera arte iraungo du.
Osasun Sailak jakitera eman duenez, baheketari gaur 16:00etan ekingo zaio herriko kiroldegian, eta asteazkenean amaituko da.
Herritarrek 09:00etatik 21:00etara bitartean egin ahalko dituzte probak, eta hitzordua aurrez eskatu beharko dute Elorrioko osasun zentrora (94 623 80 70) edo Osakidetzako Osasun Kontseilura (900 203 050) deituta.
Osasun Sailaren arabera, proben emaitzak SMS bidez bidaliko dizkiete baheketan parte hartzen dutenei, eta ez dute etxean isolatuta egon beharko probaren emaitza jakin arte.
Hala ere, sintomak dituztenek edo aldez aurretik isolatuta daudenek ezingo dute baheketan parte hartu. Pertsona horiek osasun zentrora joan beharko dute.