Koronabirusa
"Gabonetan egindako akats bera egiteko zorian gaude", Bengoaren ustez
E. G. | EITB MEDIA
Osasun sailburu eta MOEko Osasun Sistemetako zuzendari izandakoak "konfinamendu zorrotza" proposatzen du gaur egun ditugun neurriak ez direlako aski aldaera britainiarren aurka.
Rafael Bengoa Jaurlaritzako Osasun sailburu eta Munduko Osasun Erakundearen (MOE) Osasun Sistemetako zuzendari izandakoaren ustez, Gabonetan eta udan "egindako akats bera egiteko zorian gaude". Hala, Aste Santua salbatzen ez saiatzeko eskatu du, helburua kutsatzeak murriztea bada behintzat.
Herri Irratian egin dioten elkarrizketa batean, egoera epidemiologikoa aztertu, eta olatu berri baten arriskuaz ohartarazi du Bengoak. Aitortu duenez, aldaera britainiarra nagusitzen ari da, eta "horren aurrean ditugun neurriak ez dira aski".
"Neurriak eraginkorrak ziren aurreko aldaerarekin, baina britainiarrarekin gehiago kostatuko zaigu. Beraz, neurriak malgutzea da egin behar den azkena. Ez gara Aste Santua salbatzen saiatu behar", adierazi du.
Horren ildoan, Gabonetan eta aurreko udan egindako "akats bera egiteko zorian" gaudela esan du. "Ematen du ez dugula inoiz ikasi behar", erantsi du.
Nabarmen duenez, epidemiologian "lehen neurria beti da mugikortasuna murriztea, eta hori egiten ez bada, eta, gainera, gutxi txertatzen baduzu, arazoak izango dituzu". Bengoaren esanetan, Asiako herrialdeek darabilten estrategia kopiatu beharko genuke, "konfinamendu zorrotzagoak baina laburragoak" eginez.
"Gure lehen konfinamendu erabatekoak funtzionatu zuen, horregatik ez dut ulertzen azaroan gauza bera egiteko eskatu nuenean ez ulertzea. Hilabetez itxita egon izan bagina, Gabonetan ez zen zabalduko. Konfinamendu zorrotzagoak dira orain gomendagarrienak", azpimarratu du.
Bengoaren esanetan, Espainiako Estatua da gaur-gaurkoz "Europa osoan libreen dabilen Estatua eta murrizketa gutxien duena". Bestalde, udarako dituen aurreikuspenez galdetuta, esan du ez duela uste ordurako artalde immunitatea lortuko dugunik, eta heriotza-tasak behera egingo badu ere "birus asko" egongo dela ohartarazi du.