Koronabirusa
AstraZenecaren txertoa 65 urtera arteko pertsonei jartzea erabaki dute
EITB MEDIA
Orain arte funtsezko kolektiboetako 55 urtetik beherako langileei zuzenduta zegoen. Asteazkenean ekingo diote berriro txertaketari.
AstraZenecaren txertoa 65 urtera arteko pertsonei jartzea erabaki dute astelehen honetan Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoetako agintariek, Sendagaiaren Europako Agentziak segurua eta eraginkorra dela berretsi ostean. Asteazkenean berrabiaraziko dute txertaketa kanpaina.
AstraZeneca enpresa-farmazeutikoaren txertoarekin abiatu zuten kanpaina 55 urtetik beherako funtsezko langileei zuzenduta egon da orain arte, baina Osasun Publikoaren Batzordeak erabilera 65 urtera arte zabaltzea proposatu du gaur goizean.
Estatuko lurraldeen arteko osasun batzordeak ezohiko bilera egin du arratsaldean eta proposamen hori onartu dute.
Batzarraren osteko agerraldian, Carolina Darias Osasun ministroak akordioa baieztatu du, eta jakinarazi du 65 urtetik gorakoei jartzeko aukera ere mahai gainean dagoela, baina oraindik ez dutela erabakirik hartuko. "Txertoei buruzko batzordeak entseguaren txostena aztertu arte itxarongo dugu", erantsi du.
Izan ere, Ameriketako Estatu Batuetan AstraZenecarekin egindako entsegu baten arabera, txerto horrek % 79ko eraginkortasuna dauka covid-19aren aurka eta 65 urtetik gorako pertsonen artean maila hori % 80koa izan da.
Orain arte konpainia farmazeutiko horren dosiak 55 urtetik beherako funtsezko beharginei soilik eman zaie. Txertaketa kanpaina asteazkenean aktibatuko dute berriro, eten zuten fasetik abiatuta eta 55 urteko langileak gehituta.
Etenaldi honek gizartean eragin dituen zalantzen harira, Dariasek azpimarratu du txertoak "seguruak" eta "eraginkorrak" eta "bizitzak salbatzeko" balio dutela.
Txertatuko dituzten kolektiboak
Zehazki, txertaketa protokoloan ezarritako 3B, 3C eta 6 taldeetan aipatzen diren profesionalekin jarraituko dute immunizazio prozesua.
3B taldea 2. taldean txertatu ez den pandemiaren kudeaketan inplikatutako osasun publikoko zerbitzuetako langileek osatzen dute: osasun-ikuskaritzako zerbitzuetako osasun eta osasun arloko langileak, auzitegiko medikuntzakoak, mediku-kontsulta pribatuak, etxez etxeko laguntza-zerbitzuak, adingabeen zentroak eta eguneko zentroak edo horien baliokideak, eta praktika klinikoak egiten dituzten osasun eta gizarte arloko ikasleak; fisioterapeutak, okupazio-terapeutak, farmazietako langileak, logopedak eta psikologoak; eta espetxeetako langileak.
3C taldea aldez aurretik txertatu gabeko gainerako osasun-langileek eta langile soziosanitarioek osatzen dute.
6. taldea, berriz, hauek osatzen dute: Guardia Zibila, Polizia Nazionala, Ertzaintza, Foruzaingoa, Udaltzaingoa, Suhiltzaileak, Segurtasun Indar eta Kidegoetako teknikariak, Babes Zibileko, Larrialdietako eta Armadako profesionalak; Haur Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko irakasleak eta langileak.