Itxi

Euskara

AEK-k 80 ekitalditik gora egingo ditu gaur Korrikaren hutsunea betetzeko

E. G. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Euskararen aldeko lasterketa bukatu behar zen egunean ekitaldi labur eta "xumeak" antolatu dituzte "aurten ere euskararen lekukoa, euskaltegien aldeko bultzada, kalean egon dadin".

2019an egin zen azkenekoz euskararen aldeko lasterketa. Argazkia: AEK

Covid-19aren pandemiarengatik ez balitz, gaur, martxoaren 28an, bukatuko litzateke Korrika. Euskararen aldeko lasterketa atzeratu duten arren, hutsunea nolabait bete nahi du Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak (AEK), betiere "unean uneko osasun neurrietara egokituta". Hala, 80 ekitaldi baino gehiago antolatu ditu egun horretarako "aurten ere euskararen lekukoa, euskaltegien aldeko bultzada, kalean egon dadin".

"Bultza euskaltegiak!-Bultza euskara!" izeneko dinamikaren barruan antolatu dituzte ekitaldiok. 12:00etan izango da hitzordua, Euskal Herriko osoko 65 herritako plaza edo frontoietan. AEK-k zehaztu duenez, ekitaldi "xumeak" izango dira, ordu erdikoak.

AEKren mezua irakurtzeaz gain, giroa berotzeko, bi abesti entzungo dira herri guztietan. Batetik, "Euskal Herrian Euskaraz" abesti ezaguna, eta, bestetik, berariaz egun horretarako sortu den "Lekukoa mingaina" bertso-rapa. Bestalde, herriaren arabera, bestelako ekintzak izango dira: bertsolariak, musikariak...ariko dira, besteak beste.

Ekitaldiez gain, Korrika atzeratzeak AEKren aurrekontuan utzitako "zuloa"ri aurre egin nahian, ekarpenak egiteko kanpainarekin jarraituko du koordinakundeak. Gogorarazi duenez, ekarpenak AEKren webgunearen bitartez egin daitezke, hainbat modutan.

Azkenik, "mota guztietako eragileekiko lan-ildo amankomun bat" ere jorratzen ari dela jakinarazi du AEK-k. Azaldu duenez, "Gobernuek eta herritarrek jokatzen duten rolaz gain, eragileek ere paper garrantzitsua dutelako helduen-euskalduntzean. Era berean, apirilaren amaieran, Bultza euskaltegiak! dinamikaren barruan, gutun bat helaraziko diegu Euskal Herriko administrazio nagusiei, datozen urteetan euskalduntze-mugimenduak nolako baldintzak izan behar dituen jasota".

Albisteak (2)