KORONABIRUSA
Birusa oldartuta dago Nafarroan, 171 kasu zenbatu baitituzte
E. G. | EITB MEDIA
Otsailaren 7tik zenbatutako daturik altuena da, eta atzo baino 53 kasu gehiago dira.
Koronabirusaren oldarraldiak bide beretik jarraitzen du Nafarroan, azken orduetan 171 positibo atzeman baitituzte, Foru Gobernuak emandako datuen arabera.
Zehazki, atzo 3.095 proba diagnostiko egin zituzten (aurreko egunean baino 847 gehiago) eta horietatik % 5,5 izan ziren positibo. Positibotasun tasak apur bat egin du gora (% 5,2ean zegoen astelehenean).
Otsailaren 7tik ez da halako kopuru handirik izan. Atzo baino 53 kasu gehiago dira, eta duela astebete baino 72 gehiago. Gainera, duela bi asteko datuekin alderatuta, 119 kasuko igoera da.
Guztira 91 pertsona zeuden atzo covid-19agatik ingresatuta, bezperan baino bat gutxiago. Atzo sei pertsona ospitaleratu zituzten koronabirusarekin lotuta, horietako 2 ZIUn (18 daude guztira), eta ez zen inor hil gaitzak jota.
Milagro
Kasu gehien pilatzen dituzten udalerri edo guneei erreparatuta, Milagro ageri da denen buru, 17 positibo zenbatu baitituzte. Hain justu, azken egunotan izandako kasuen gorakada tarteko, baheketa egin zuten atzo herri horretan, 30-64 urteko biztanleak zeuden deituta, eta % 62 joan ziren proba egitera. Gainerakoan, Tutera Ekialdean zazpi kutsatze zenbatu dituzte, eta Sarrigurenen, Acedon eta Iruñeko Sanduzelai, Donibane eta Buztintxuri auzoetan, seina.
BIDEOA: 2.000 laguni egin diete PCR proba Milagron, Acedon eta Mendazan
Gainera, Osasun Departamentua PCRak egiteko leku bat prestatzen ari da Refenan, Aste Santuan etxera itzultzen diren ikasleei probak egiteko. Hitzordua eskatu beharko dute 648 200 400 telefono-zenbakian, 09:00etatik 21:00etara.
Azkenik, gogorarazi behar da gaur hasi direla berriro Nafarroan AstraZenecarekin txertatzen.