Itxi

KORONABIRUSA

Kasuek apur bat egin dute behera Nafarroan, 150eko langatik gora dauden arren

E. G. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Milagron duela bi egun egindako baheketak 21 positibo azaleratu ditu. Birusaren hedatzea saihestu nahian, konfinamendu perimetrala ezarriko dute herri horretan.

Osasun langile bat emakume bat txertatzen Nafarroan. Argazkia: EFE

Azken orduetan, 157 positibo zenbatu dituzte Nafarroan, bezperan baino 14 gutxiago, Foru Gobernuak ostegun honetan emandako datuen arabera. Positibotasun tasa ere jaitsi egin da eta % 4,9an kokatu da (aurreko egunean % 5,4koa zen). ...

Laugarren egunez jarraian daude kutsatzeak 100etik gora. Duela astebeteko datuekin alderatuta, 87 gehiago dira, eta duela bi asteko datuekin erkatuta, 91 gehiago.

Guztira, 3.184 proba egin zituzten atzo (PCR eta antigenoak), Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.

Intzidentzia igotzen ari dela eta, "kezkatuta" dagoela esan zuen atzo Santos Indurain Osasun kontseilariak. Denetan kezkagarrienak, dena den, Milagroko datuak dira, 14 eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia-tasa metatua 1.800etik gora baitago. Asteartean baheketa egin zuten Erriberako udalerrian, eta 21 positibo atzeman zituzten atzo (bezperan 17 izan ziren). Hori horrela, birusa gehiago hedatu ez dadin, konfinamendu perimetrala ezarriko dute gauerditik aurrera.

Gainerakoan, herriz herriko datuak aztertuta, Iruñeko Buztintxuri auzoan 10 kutsatze atzeman dituzte, eta Antsoainen, zortzi. Kasu gehien pilatzen dituzten herrien zerrendan laugarren dago Iruñeko Sanduzelai auzoa, zazpi kasurekin, eta Tutera eta Sarriguren, bosgarren, seina positiborekin.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (3)