Zientzia
Euskal herritarren "berezitasun genetikoa" milaka urteko isolamenduari zor zaio
EITB Media
Pompeu Fabra Unibertsitateak gidatutako nazioarteko azterketa batek euskal herritarren jatorria Iberiar penintsulatik kanpo egotea baztertu du, eta euskara “hesi kulturala” izan zitekeela adierazi du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Duela hamar urte baino gehiagotik, IBE Biologia Ebolutiboko Institutuak, CSICren eta Pompeu Fabra Unibertsitatearen zentro misto batek, munduko hainbat tokitako pertsonen genoma aztertzen du, giza genetikaren dibertsitatea ikertzeko. Geneen detektibe hauek antzinako migrazioen arrastoari jarraitu, giza taldeen arteko harremanak zehaztu eta dibertsitate handiena non dagoen ikus dezakete; hots, adieraz dezakete jendea iraganean non nahasi zen gehien. Gizateriaren zuhaitz genealogikoa irudikatzea zeregin zoragarria da, eta adaxka batzuk nahikoa argi daude dagoeneko.
David Comas IBEko ikertzailearen ustez, Europa nahiko kontinentea aspergarria da ikuspegi genetikotik, Afrikan eta Asian ez bezala, ez baitago apenas alde adierazgarririk herrialde bateko eta besteko biztanleen artean. Dena den, badago salbuespenik; euskal herritarrena, berbarako. Current Biology aldizkariak genetikari eta hizkuntzalarien talde batek egindako ikerketa baten ondorioak argitaratu ditu gaur, zeinetan esaten baita Burdin Arotik aurrera bizitako isolatze-aldiak direla euskal herritarren "berezitasun genetiko txikien" atzean dagoen arrazoia. Euskal lurraldeetako (euskara gorde dutenak, galdu dutenak eta inguruko lurraldeak) 200 pertsonaren 600.000 markatzaile genetiko aztertu dituzte ikerketan.
Ezagun den beste edozein hizkuntzarekin harremanik ez duen hizkuntza bat hitz egiten dutenez, hainbat hipotesi ezberdin aurkeztu izan dira euskal herritarren jatorria azaltzeko; Afrika iparraldean edo beste toki batzuetan kokatzen zuten batzuek, esaterako. David Comasek “La mecánica del caracol” Radio Euskadiko saioan esan duenez, iberiar biztanle guztiek, euskal herritarrek barne, antz handia zuten elkarrekin Burdin Arora arte, duela 3.000 bat urtera arte. Orduz geroztik, migrazioek dibertsitate genetikoa handitu zuten. Baina ikertu dituzten egungo euskal herritarren DNAn ez dago erromanizazioaren edo musulmanen inbasioaren aztarna genetikoen arrastorik. Isolamenduak jarraitutasun genetiko bat eragin du gizon-emakume hauengan Burdin Arotik gaur egunera arte.
DNA eta euskara
Ikerketaren ondorioetan bildu dutenez, baliteke euskara bera, hizkuntzaren hesi kulturala, euskal herritarren isolamendurako hauspoa izatea, beste iberiar herri batzuetako biztanleen DNAn arrastoa utzi zuten migrazio mugimendu horien aurrean. Are gehiago, laginean Euskal Herriko “mikrolurraldeak” ere hartu dituzte aintzat, eta ondorioztatu duten zenbat eta hurbiltasun geografiko handiagoa egon orduan eta handiagoa dela antzekotasun genetikoa. Genetikaren eta geografiaren arteko korrelazioa ohikoa da, elkarrengandik hurbil dauden lurraldeek historia partekatu ohi dute eta. Baina kasu honetan bitxia da, batetik, banaketa hain lurralde geografiko txikian gertatu izana eta, bestetik, heterogeneotasun genetikoak euskalkien banaketarekin bat egitea. Hizkuntzalariek ere osatutako lantalde honen ondorioek, beraz, iradokitzen dute euskalkien jatorria orain arte uste zen baino antzinakoagoa dela.
*Goiko mapan, Euskal Herriko populazioa berdez adierazita agertzen da, eta urdinez eta gorriz inguruko lurraldeekiko nahasketa duten inguruak.