KORONABIRUSA
Mugikortasuna eta barruko jarduera mugatzea aztertzen ari da LABI politikoa
EITB MEDIA
LABI teknikoak 400etik gorako intzidentzia-tasa metatua duten udalerriak eta lurraldeak ixtea proposatu du.
Iñigo Urkullu lehendakaria buru, Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) Aholku Batzordea bilduta dago une honetan, koronabirusaren zabalkundea eteteko neurri berriak hartzeko. LABI politikoak udalerriak edota lurraldeak perimetralki ixtea eta ostalaritzako lokalen barruko jarduera mugatzea erabaki dezake.
Bileraren ostean, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Gotzone Sagardui sailburuak agerraldia egingo dute, eta zuzenean jarraitu ahal izango da eitb.eus-en. 18:00etatik aurrera izango da.
Oraingoz, ikusteko dago neurri berriak noiz sartuko diren indarrean.
Atzo LABI teknikoak itxiera perimetrala aplikatzea proposatu zuen, azken 14 egunetako intzidentzia metatua 100.000 biztanleko 400 baino handiagoa den 5.000 biztanletik gorako udalerrietan eta lurraldeetan.
Halaber, ostalaritzako establezimenduen barruko ordutegia murriztea proposatu zuen, 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era.
Halaber, LABI teknikoak proposatuko murrizketek ere eragina izango lukete kirolean. Barrualdean egiten diren kirol jardueren kasuan, ezingo lirateke 4 pertsona baino gehiago elkartu. Neurri horrek ez lieke eragingo talde profesionalen eta federatuen entrenamenduei eta lehiaketei.
Apustu etxeei dagokienez, ezingo lukete barrualdean ostalaritza zerbitzurik eskaini.
Gaur-gaurkoz, hauek dira 400tik gorako intzidentzia duten 5.000 biztanletik gorako udalerriak:
ARABA
- Ez dago 400etik gorako intzidentzia metatua duen udalerririk.
BIZKAIA
- Elorrio (725,03)
- Ermua (724,14)
- Muskiz (454,61)
- Ondarroa (420,22)
GIPUZKOA
- Beasain (805,93)
- Lazkao (1207,39)
- Ordizia (844,09)
5.000 biztanletik beherako udalerrien kasuan, berriz, ez dute argitu zer gertatuko den.
Egun, 35 dira 400 kasutik gorako intzidentzia-tasa metatua gainditzen duten herri txikiak: 14 Araban, 9 Bizkaian eta 12 Gipuzkoan. Araban: Arraia-Maeztu, Aiara, Berantevilla, Eltziego, Elvillar, Iruña Oka, Guardia, Leza, Moreda, Navaridas, Okondo, Urkabustaiz, Villabuena eta Zigoitia. Bizkaian: Aulesti, Fruiz, Galdames, Ibarrangelu, Izurtza, Mallabia, Nabarniz, Plentzia eta Zamudio. Gipuzkoan: Amezketa, Antzuola, Ataun, Baliarrain, Berrobi, Legorreta, Lizartza, Mutiloa, Olaberria, Orendain, Zaldibia eta Zegama.
Osasun Sailak ebazpen bat argitaratuko du asteartero udalerrien zerrenda eguneratzeko.
Murrizketa gehiago Aste Santuan
Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluan adostutakoaren arabera, martxoaren 26tik apirilaren 9ra bitartean etxe barruetan bizikideak soilik elkartu ahalko dira. Ostalaritzari dagokionez, gehienez lau pertsonako taldeak osatuko dira, barruan zein kanpoaldean.
Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoak perimetralki itxita jarraituko du.