Itxi

KORONABIRUSA

Positiboen igoera nabarmena Nafarroan: 205 kasu atzeman dituzte

E. G. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Milagron, gauerditik itxiera perimetralean dagoen udalerrian, 14 kutsatze berri topatu dituzte. Horrenbestez, 50 baino gehiago dira azken hiru egunetan zenbatutakoak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Koronabirusaren datuek hanpatuta jarraitzen dute Nafarroan. Atzo 205 kasu atzeman zituzten, Foru Gobernuaren behin-behineko datuen arabera.

Zehazki, atzokoan 2.406 proba diagnostiko egin zituzten (bezperan baino 778 gutxiago), eta horietatik % 8,5 positibo izan ziren. Positibotasun tasa ia lau puntu igo da (% 4,9tik % 8,6ra).

Bezperan baino 50 kasu gehiago dira, baina duela astebete baino 84 gehiago, eta duela bi aste baino 140 gehiago. Horrenbestez, begi bistakoa da goranzko joera. Are, otsailaren 4az geroztik ez da halako datu alturik izan.

Bestalde, 95 pazientek jarraitzen zuten atzo Foru Erkidegoko ospitaleetan, aurreko eguneko kopuru berdina. Atzo zazpi pertsona ospitaleratu behar izan zituzten, horietako bi ZIUn, eta 87 urteko gizonezko bat hil zen. Nafarroan, koronabirusak 1.122 hildako eragin ditu dagoeneko.

Eskualdeka, Iruñean eta Iruñerrian positiboen % 58 baieztatu zituzten, Tuteran % 21 eta Lizarran % 9. Gainerako positiboak (% 12) beste eskualde batzuetan eman ziren.

Egoera epidemiologikoak izandako bilakaera eskasa dela eta, gauerditik itxiera perimetralean dago Milagro, eta bertan atzeman dituzten kutsatze gehien: 14. Hiru egunotan 53 kasu pilatu dira, horrenbestez. Burlatan 12 positibo zenbatu dituzte, eta Buztintxuri Iruñeko auzoan, 10. Kasu gehien pilatzen dituzten gune eta udalerrien zerrendan hurrengoak dira Iruñeko Donibane auzoa (bederatzi) Atarrabia (zortzi) eta Txantrea (hau ere Iruñean, zazpirekin).

Ostiral honetan sartu dira indarrean Aste Santurako murrizketak (martxoaren 26tik apirilaren 9ra). Etxeratze agindua 23:00etatik 06:00etara izango da, eta erkidegoa itxita egongo da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (2)

Bideoak (1)