Itxi

Koronabirusa

LABIk konfinamendu perimetralak ezarri ditu, eta ostalaritzaren ordutegiak mugatu

eitb media

Leer en Castellano

LABIk 400etik gorako intzidentzia-tasa metatua duten udalerriak eta lurraldeak ixteko agindua eman du, astelehenetik aurrera.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) Aholku Batzordeak erabaki du konfinamendu perimetrala ezarriko duela 400etik gorako intzidentzia-tasa baino altuago duten udalerrietan eta lurralde historikoetan, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuak jakinarazi dutenez.

Hala, lehendakariak iragarri du "azken egun hauetako bilakaera dela-eta, eta agintari sanitarioen iradokizunak aztertu ondoren, prebentzio neurriak indartzea adostu" dutela.

Neurriek 100.000tik 400eko intzidentzia tasa baino gehiago duten herriei eragingo die soilik, eta konfinamendu perimetralaz gain, ostalaritzako barrualdeetako ordutegia murriztu dute, 06:30etik 09:30era eta 13:00etik 16:30era.

Konfinamendu perimetralaren kasuan, ondoko udalerrira joan ahal izango da erosketak egitera edo aire libreko kirola praktikatzera.

Apustu-etxeei dagokienez, ostalaritza zerbitzua barrualdean soilik eman ahal izango dute, eta zehaztutako ordutegian bakarrik.

Kirol arloan, 400dik gorako intzidentzia-tasa duten herrietan, ezingo dira 4 pertsona baino gehiago elkartu barrualdeetan kirola egiteko, federatutako eta kirolari profesionalak izan ezik.

Aldagelak eta dutxak itxita egongo dira, igerilekuetan salbu, horietan % 35eko edukiera onartzen baita, eta dutxak bakarka erabiltzea.

Osasun Sailak astelehenero kaleratuko du tasa gainditzen duten udalerrien edo lurraldeen zerrenda, baina lehenengoa bihar argitaratuko du, astelehenean indarrean jartzeko. Gaur gaurkoz, zazpi dira perimetralki konfinatuko lituzketen udalerriak (Elorrio, Ermua, Muskiz, Ondarroa, Beasain, Lazkao eta Ordizia), eta gainerakoak Aste Santua "salbatzea" lortuko lukete, hurrengo zerrenda apirilaren 6an jakinaraziko baitute.

Bestalde, eta Espainiako Lurralde Arteko Osasun Kontseiluan erabakitakoaren arabera, martxoaren 26tik apirilaren 9ra bizikideak soilik elkartu ahal izango dira eremu pribatuan.

Aldez aurretik ostatu hartzeko erreserba egin dutenek bidaia egin ahal izango dute. Apirilaren 1etik 11rako erreserba egin duten pertsonei bidaiatzeko aukera eman diete. Honenbestez, ostatu hartzeko erreserba egiten duten herrira joateko aukera izango dute, jatorrizkoak edo helmugan dagoenak 400dik gorako intzidentzia izan arren.

"Ez da gomendagarria"

Hala ere, lehendakariak ohartarazi du ez direla "gomendagarriak intzidentzia tasa altuko inguruetan harreman sozialak edo mugikortasuna".

Ostalariek neurri murriztaileen kontra neurriak har ditzakeen galdetuta, lehendakariak "errespetua" agertu du hartzen duten erabakiarekiko, baina azpimarratu du Jaurlaritzaren jarduna ez dela sektorea "zigortzeko", baizik eta "helburu handiago" baten alde.

Azaldu du erabaki horiek hartzeko pandemiaren "gorakada" hartu dutela kontuan, ZIUen okupazioa eta, bereziki, aldaera britainiarraren zabalkundea.

400dik gora dauden udalerriak

ARABA

- Ez dago 400etik gorako intzidentzia metatua duen udalerririk.

BIZKAIA

- Elorrio (725,03)

- Ermua (724,14)

- Muskiz (454,61)

- Ondarroa (420,22)

GIPUZKOA

- Beasain (805,93)

- Lazkao (1207,39)

- Ordizia (844,09)

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (6)

Bideoak (1)