KORONABIRUSA
Apur bat jaitsi dira kasu berriak eta positibitatea Nafarroan, 127 eta % 5,5era arte
E.J. | EITB MEDIA
Bezperan baino 28 kasu gutxiago izanagatik, duela astebete (89) edo duela bi (51) atzemandakoak baino dezente gehiago dira. 77 urteko gizon bat hil zen atzo covida dela eta.
Nafarroako Foru Erkidegoak kutsatze kopuru handia izaten jarraitzen du, baina kopuruak behera egin du azken bi egunotan. Ostegunean 205 positibo berri atzeman zituzten, ostiralean 155 eta larunbatean 127 izan dira. Behera egin dute covid-19 kasu berriek, beraz, baina duela astebete (89) edo duela bi (51) atzemandakoak baino dezente gehiago dira.
Atzo 2.293 proba diagnostiko egin ziren (1.755 PCR eta 538 antigeno test), eta horien % 5,5 positiboak izan ziren. Bezperako positibotasun tasa % 6koa izan zen; beraz, puntu erdia jaitsi da.
Zonaldeka, Iruñean eta bere eskualdean atzeman zituzten kasu positibo berrien % 53, Tuteran % 12 eta Lizarran % 13. Gainerako positiboak (% 22) Nafarroako beste eskualde batzuetan diagnostikatu zituzten.
Astean zehar, 118 kasu erregistratu ziren astelehenean (% 5,2), 171 asteartean (% 5,5), 158 asteazkenean (% 4,9), 205 ostegunean (% 8,5), 155 ostiralean (% 6) eta 127 larunbatean.
Atzo 99 gaixo zeuden Foru Erkidegoko ospitale-sareko zentroetan covid-19a dela eta (bezperan baino 8 gehiago), horietako 19 ZIUn (bezperan baino 2 gutxiago).
Gainera, 77 urteko gizon bat hil zen atzo. Guztira, 1.124 nafar hil dira pandemia hasi zenetik.
Txertaketari dagokionez, atzo 1.251 dosi jarri zituzten. Guztira 125.645 txerto iritsi dira Nafarrora eta 112.266 jarri dituzte.
Bestalde, ostiralean sartu ziren indarrean Aste Santurako murrizketak eta apirilaren 9ra arte egongo dira indarrean. Etxeratze agindua 23:00etatik 06:00etara izango da, eta erkidegoa itxita egongo da. Taberna eta jatetxeen barrualdea itxita egongo da eta merkataritza saltokietako gehienezko edukiera murriztuko dute.
467 kasu atzeman dituzte EAEn, gehienak Gipuzkoan
Behera egin dute azken ordu hauetan Euskal Autonomia Erkidegoan atzemandako covid-kasu berriek. 467 positibo diagnostikatu ditu Osakidetzak, bezperan baino 125 gutxiago, baina egindako probak ere gutxiago izan dira: 8.042; aurreko egunean, berriz, 10.254. Positibotasun-tasa % 5,8koa izan da berriz ere.
Atzo 77 kasu berri atzeman zituzten Araban, 186 Bizkaian eta 201 Gipuzkoan. Gainera, EAEtik kanpo bizi diren hiru pertsonari ere atzeman zieten birusa. Gipuzkoan nabarmen igo dira kutsatzeak, lurralde zigortuena bilakatuz eta Goierri da okerren dagoen eskualdea.