Donostia
Donostialdeko Metroaren gainkostua gizarte arloan inbertitzeko eskatu du EH Bilduk
EITB Media | Agentziak
Dozenaka pertsona azpiegitura hori errefusatu dute Kontxako Pasealekuan. Koalizioko zinegotzi Reyes Carrerek "erantzukizuna" eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.
Donostiako EH Bilduren taldeko bozeramaile Reyes Carrerek "erantzukizuna" eskatu dio Eusko Jaurlaritzari Metro Donostialdearen beharraz "hausnartzeko", eta lan horietarako aurrekontua eremu sozialean inbertitzeko galdegin du.
Dozenaka pertsonak EH Bilduk deitutako elkarretaratze batean hartu dute parte, Donostiako Kontxako Pasealekuan, Metro Donostialdearen lanak gelditzeko eskatzeko, "Erokeria gelditu" eta "Ez handitu zuloa" lelopean.
Carrerek esan duenez, Mirakontxa-Easo zatiaren lizitazio berriak, Zubieta kalean agertutako bi zuloen ostean, milioi askoko "gainkostua" sortuko du, "herritarrek ordaindu beharko dutena", "beharrezkoa ez den lan faraoniko batengatik, eta, gainera, lanen bukaera 2025era arte atzeratuko du, printzipioz".
Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa "negargarriak eta arduragabeak ondorio garrantzitsuak eta larriak ekarriko dizkie donostiarrei", esan du.
Carrerek esan duenez, honakoa "Donostia osoak, eta ez zati batek bakarrik", behar duen mugikortasun eredua zein den ikusteko "momentu egokia izan daiteke", baita ikertzeko "non inbertitu daitezkeen gainkostuko milioiak".
EH Bilduren ustez, gainkostua "beste modu batez" kudeatu daitezke, "gaur egungo egoeran behar sozial asko daude eta".
Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio "hausnartzeko eta buelta bat emateko" mugikortasun beharrei, eta esan du dirua beste eremuetan inbertitzeko "aukera" dagoela.
"Gainkostua ezin da oinarritu lur azpian ura eta harea agertu dela esanez", esan du Carrerek. Bere ustez, hori esatea "adarjotze" bat da donostiarrentzat.
Bestalde, Satorralaia mugimenduak sinadura bilketa bat hasi du Eusko Jaurlaritzak "inposatutako" proiektua gelditzeko eskatzeko.