KORONABIRUSA
Nafarroak 142 positibo zenbatu ditu, goranzko joerari eutsita
E. G. | EITB MEDIA
Duela astebete baino 76 gehiago dira, eta duela bi aste baino 102 gehiago. Itxialdi perimetrala duen Milagro udalerrian 11 kasu berri atzeman dituzte.
Goranzko joerari eutsita, Nafarroan 142 kasu zenbatu dituzte azken orduetan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera.
Zehazki, atzo 1.713 proba diagnostiko egin zituzten (bezperan baino 580 gutxiago) eta horien % 8,4k eman zuten positibo. Positibotasun tasa hiru puntu igo da atzo, larunbatean % 5,5ean baitzegoen.
Bezperan baino 15 kasu gehiago dira, baina kezkagarriena da duela astebete baino 76 gehiago eta duela bi aste baino 102 gehiago direla.
Iruñean eta bere eskualdean kasu positiboen % 51 erregistratu zituzten, Tuteran % 26 eta Lizarran % 9. Gainerako positiboak (% 14) Nafarroako beste zonalde batzuetan banatzen dira.
Positiboen datu kopuru kezkagarriak direla eta, perimetralki itxita dago Milagro apirilaren 11ra arte, eta kasu gehien pilatzen dituzten udalerrien buru dago berriro, 11 positibo zenbatu baitituzte bertan. Tuteran ere beste hainbeste atzeman dituzte. Burlatan, 10 kasu topatu dituzte, eta Sarrigunenen eta Iruñeko Mendillorri auzoan, seina. Atarrabian eta Iruñeko Sanduzelai eta Arrotxapea auzoan, bosna positibo zenbatu dituzte.
Bestalde, 113 gaixo ospitaleratuta zeuden atzo Foru Erkidegoko ospitale-sareko zentroetan, aurreko egunean baino 14 gehiago. Atzo koronabirusarekin lotutako bederatzi ospitaleratze izan ziren, horietako hiru zainketa intentsiboetako unitateetan, eta gaixotasun horrek eragindako heriotza bat izan zen, 95 urteko gizon bat, eta aurreko egunetan beste heriotza bat izan zela jakinarazi zuten, 78 urteko emakume bat.
Erregistratutako kasu berrien adin-tarteen araberako banaketari dagokionez, talde nagusiak 45 eta 59 urte artekoak (% 23) eta 30 eta 44 urte artekoak (% 21) dira; ondoren, 15 eta 29 urte artekoak (% 20). Ondoren, 15 urtetik beherakoen taldea (% 18) eta 60 eta 75 urte bitartekoen taldea (% 10) daude. Azkenik, 75 urtetik gorakoen taldean, kutsatu berrien % 8 daude.
Positibo berrien batez besteko adina 38,8 urtekoa da. Generoari dagokionez, kasuen % 53 gizonak dira eta % 47 emakumeak.
Ospitale-okupazioaren ikuspegitik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakitera eman duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 113 pertsona daude ospitaleratuta (atzo baino 14 gehiago); horietatik 22 zainketa intentsiboetako unitateetan daude (atzo baino hiru gehiago), eta beste hamar etxeko ospitaleratzean (atzoko kopuru bera). Gainerakoak, 81 gaixo, gela arruntetan daude (atzo baino 11 gehiago).
Eguneroko txostenen arabera, eta Osasun Ministerioaren datuekin hileroko doikuntza egin ondoren, birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua 53.867 da Nafarroan, eta, guztira, 1.126 heriotza baieztatu dituzte Nafarroan.