KORONABIRUSA
19 udalerri itxita daude Euskal Autonomia Erkidegoan
EITB MEDIA | AGENTZIAK
100.000 biztanleko 400dik gorako intzidentzia metatua duten udalerriak dira. Gainera, taberna barrualdeetako ordutegia murriztuta izango dute.
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 19 udalerri perimetralki itxita daude astelehen gauerditik, azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 400etik gorako intzidentzia-tasa metatua izateagatik. Halaber, herri horietako taberna eta jatetxeek barrualdeko zerbitzua murriztuta izango dute, eta ezingo dira 4 pertsonatik gora elkartu toki itxietan kirola egiteko.
Eusko Jaurlaritzak larunbatean argitaratu zuen gutxienez apirilaren 6ra arte itxita egongo diren udalerrien zerrenda, eta orduan eguneratuko dute.
19 udalerri dira guztira: bederatzi Gipuzkoan, bost Bizkaian eta bost Araban.
Horietako zortzi 5.000 biztanletik gorakoak dira: Beasain, Elorrio, Ermua, Lazkao, Muskiz, Ondarroa, Ordizia, Urretxu. Beste 11 udalerrik, ostera, 5.000 biztanle baino gutxiago dituzte: Ataun, Berriz, Eltziego, Elvillar, Idiazabal, Iruña Oka, Olaberria, Urkabustaiz, Zaldibia, Zegama eta Zigoitia.
Udalerriak itxita egongo dira, baina ondoko udalerrira joan ahalko da erosketak egitera edo aire librean kirola egitera. Gainera, beste udalerri batera joan ahalko dira martxoaren 26a baino lehen eta apirilaren 1etik 11rako ostaturen batean erreserba eginda dutenak.
Ostalaritzari dagokionez, taberna eta jatetxeek ordu jakinetan soilik ireki ahalko dituzte barrualdeak: 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era. Apustu-etxeei dagokienez, ostalaritza zerbitzua barrualdean soilik eman ahalko dute eta zehaztutako ordutegian bakarrik.
Kirol arloan, ezingo dira lau pertsona baino gehiago elkartu toki itxietan kirola egiteko, kirolari federatuak eta profesionalak izan ezik. Aldagelak eta dutxak itxita egongo dira, igerilekuetan salbu. Horietan % 35eko edukiera onartzen da, eta dutxak bakarka erabili ahalko dira.