Itxi

Koronabirusa

AstraZenecaren txertoa 65 urtekoei jartzen hasi da Osakidetza

E. G. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Osasun sailburuak zehaztu duenez, bost egunetan prestakin horren 29.000 dosi ipini dituzte, asteartean ezarritako helburua gaindituz.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi duenez, atzo, igandearekin, hasi zen Osakidetza 65 urteko herritarrak AstraZenecarekin txertatzen, eta bost egunetan 29.000 dosi baino gehiago jarri dituzte, "asteartean ezarritako helburua gaindituz". "Txertoak eskuragarri egonda, Osakidetzak txertoak emateko gaitasuna du", nabarmendu du.

Bizkaia Irratiari eskainitako elkarrizketa batean, Sagarduik azaldu du SMS mezua bidali zitzaiela 65 urteko herritarrei AstraZenecarekin txertoa hartzeko hitzordua eskatzera gonbidatuz. Halaber, gogorarazi du 80 urtetik gorako pertsonen txertaketak (Pfizerren prestakinarekin) abian jarraitzen duela, baina zehaztu du horiei telefonoz eskaintzen zaiela hitzordua, kolektibo zaharragoa delako. 80-89 urteko pertsonen % 80k lehen dosia jaso dute, eta guztiek dute hitzordua bigarren dosirako.

Datozen asteei begira, baliteke dosi gehiago izatea eskuragarri, baina Sagardui zuhur agertu da, "kopuruak astero-astero baieztatzen baitira". Nolanahi ere, "txertoak badaude, Osakidetzak emateko gaitasuna" duela azpimarratu du. Udarako euskal herritarren % 70ri txertoa jartzeko helburuari dagokionez, sailburua argi mintzatu da: "Horretarako nahikoa txerto badago, lortuko dugu".

Egoera epidemiologikoaz galdetuta, Sagardui "kezkatuta" agertu da joera goranzkoa delako eta horrek eragina duelako osasun-sisteman. Gaur egun 88 pertsona daude Osakidetzako zainketa intentsiboetako unitateetan, eta horrek esan nahi du kasuen gorakada gertatzen ari dela unitate horietan okupazio-kopuru handiarekin. Ildo horretan, gaur indarrean jarri dituzten prebentzio neurriak betetzera deitu ditu herritarrak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (2)

Bideoak (1)