KORONABIRUSA
Positiboek gora egin dute berriro Nafarroan, 182 zenbatzeraino
E. G. | EITB MEDIA
Duela astebete baino 64 gehiago dira, eta duela 15 egun baino 114 gehiago.
Goranzko joera ezin etenda jarraitzen du Nafarroak. Izan ere, 182 positibo zenbatu dituzte astelehen honetan, Foru Erkidegoak emandako behin-behineko datuen arabera.
Zehazki, atzokoan 2.606 proba diagnostiko egin zituzten (bezperan baino 893 gehiago) eta horietatik % 7,1 positibo izan ziren. Hala bada, positibotasun tasa apur bat jaitsi da (% 8,3koa zen aurreko egunean).
Bezperan baino 40 gehiago dira, baina kezkagarriena da duela astebete baino 64 gehiago eta duela 15 egun baino 114 gehiago direla.
Kasu gehien pilatzen dituzten udalerri eta guneei dagokienez, Lodosa ageri da denen buru, 10 kutsatze atzeman baitituzte bertan. Ondoren datoz Iruñeko Donibane auzoa, bederatzirekin, eta Altsasu eta Arrotxapea (Iruñea), zortzina kasurekin. Azkenik, Arguedasen, Zizur Nagusian eta Milagron (itxiera perimetralean oraindik) zazpina positibo zenbatu dituzte.
Guztira, 121 paziente daude ospitaleetan koronabirusak jota, bezperan baino zortzi pertsona gehiago. Atzokoan, 16 ospitaleratze izan ziren. Azken orduetan ez da heriotzarik izan. Pandemia hasi zenetik 1.126 lagun hil dira.
Bestalde, positibo berriak ondoko adin tarteetan eman dira: 15 urtetik beherakoen artean % 24; 45 eta 59 urte bitartean, % 21; 15 eta 29 urte bitartean, % 20; 60 eta 75 urte bitartean, % 16; 30 eta 44 urte bitartean, % 13; 75 urtetik gorakoen artean, % 6.
Positibo berrien bataz besteko adina 38,2 urtekoa da. Guztira, 54.051 pertsona kutsatu dira.
Horrez gain, atzo, 1.594 txerto jarri zituzten. Dagoeneko immunizatzeko beharrezkoak diren bi dosiak hartu dituzten herritarrak 36.608 dira.