Itxi

KOPAKO FINALA

Ez da covid-19aren araudian salbuespenik egingo larunbatean

O. A. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

"Ez gara beste edozein asteburutan baino permisiboagoak izango", ziurtatu du Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak.

Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordea. Argazkia: Radio Euskadi

Heldu den larunbatean Athleticek eta Realak jokatuko duten Errege Kopako finalaren atarian, garaipena kalean ospatzeko batzuek zein besteek izan ditzaketen asmoak zapuztu ditu Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak. Horren arabera, neurriak ez dira laxoagoak izango larunbatean, eta ez da indarrean dagoen araudiaren salbuespenik egingo: "Ez gara beste edozein asteburutan baino permisiboagoak izango".

Batak zein besteak irabazi, "modu oso kontrolatuan ospatu beharko da". "Giza bizitza Errege Kopa baino garrantzitsuagoa da. Bizitzak daude jokoan", ohartarazi du.

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan aurreratu duenez, Udaltzaingoekin, Udalekin, Aldundiekin eta taldeekin elkarlanean ari dira, "osasun arauak betetzen laguntzeko" beharrezkoak diren dispositiboak martxan jartzeko.

Agente gehiago egongo direla iragarri badu ere, ez du kopurua zehaztu.

Irabazleei egin ahal zaizkien harrerei buruz galdetuta, erakundeei dagokien erabakia dela erantzun du. Dena dela, "oso pribatuak" eta publikorik gabeak izatea eskatu du. Egitekotan ere, jendarteak noiz eta non egingo diren ez jakitea defendatu du, "edozein dei edo tentazio saihestu behar delako".

Hori guztia dela eta, ospakizunak etxean egitera animatu ditu herritarrak.

Errege Kopako finala zuzenean jarraitu ahalko da ETB1en.

BIDEOA: "Sentimenduz ospatu, arduraz jokatu"

Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren operatiboa Donostian

Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi duenez, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak dispositibo "koordinatua" prestatu dute larunbat gauean ere "gainerako egunetan bezala" arauak betetzen direla ziurtatzeko.

Goiak mezu argia helarazi du: "Denok gara kontziente, ez da erraza, inori ez zaigu gustatzen, baina hori da tokatzen dena eta egin behar dena: partida etxean telebistaz ikusi eta bakoitzak bere etxean ospatu".