Koronabirusa
Janssenen txertoa 65 urtetik gorako pertsonei emango zaie
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Horrez gain, Osasun Ministerioak AstraZenecaren txertoa funtsezko kolektiboetako 65 urtetik gorako langileei ematea onartu du.
Osasun Publikoko Batzordeak Txertaketa Estrategia eguneratu du eta, besteak beste, Janssen enpresa-farmazeutikoak egindako txertoa adineko taldeak immunizatzeko erabiltzea onartu du. Kolektibo horren txertaketa azkartu nahi dute eta horretarako hiru txerto ezberdin erabiliko dira: Pfizerrena, Modernarena eta laster Janssenena.
Hortaz, 66 eta 79 urte bitarteko pertsonak immunizatzeko bidea argitu dute; izan ere, 65 urtera artekoei AstraZenecarena ematen ari zaizkie, baina 65 eta 80 urte artekoak zein jaso behar duten zehaztu gabe egon da orain arte.
Osasun Ministerioak azaldu duenez, AstraZenecaren txertoa 65 urtetik gorakoei ere ematea erabaki dute, baina soilik funtsezko kolektiboetako langileak baldin badira.
Halaber, txertoa premiaz jaso behar duten arrisku taldeak eguneratu dituzte. Esate baterako, GIBa duten pertsonak eta 70 eta 79 urte bitartekoak aldi berean txertatuko dituzte, ARNm motako txertoen bidez.
Dosi bakarra gaitza igaro dutenei
Bestalde, plan berriaren arabera, ikerketa zientifikoek erakutsi dute koronabirusa izan duten pertsonei dosi bakarra ematea nahikoa dela immunizazioa lortzeko. Hortaz, 65 urtetatik beherako pertsonei dosi bakarra emango zaie.
65 urtetik gorakoen kasuan, berriz, orain arteko irizpideari eutsiko diote eta bi dosi jarriko dituzte.
AstraZenecaren txertoa funtsezko kolektiboetako langile guztien immunizazioa amaitzeko erabiliko dituzte eta, besteak bestek, irakasleak, osasun arloko langileak edo poliziak txertatuko dituzte.
Ildo berean, 56 eta 65 urte artekoei ematen jarraituko dute, nagusienetik hasita.
Txertoa ez dago aukeran
Bestalde, Osasun Ministerioak agiri horretan argi utzi du ez dagoela txerto mota aukeratzerik eta herritar bakoitzak dagokiona hartu beharko duela.
"Txertoak ezin daitezke eskariaren arabera eman, estrategiaren planean bildutako irizpideak eta balio etikoak hartu behar dira kontuan", adierazi dute.
Txertoaren eraginkortasunaren arabera eta zein talderi zuzenduta dagoen kontutan hartuta emango dituztela azpimarratu dute.
Halaber, zehaztu dute norberarena ez den erkidegotik kanpo bizi diren pertsonek une horretan bizilekua duten tokian hartuko dutela txertoa, horretarako txanda iristen zaienean. Gauza bera, Estatutik bizi direnen kasuan ere.