Koronabirusa
Ostalaritzaren barrualdea itxita egongo da gaurtik aurrera Nafarroan
E. G | EITB MEDIA
Nafarroako Auzitegi Nagusiak babestu zuen neurria apirilaren 9ra arte izango da indarrean. Epe horretan, eremu pribatuan bizikideak bakarrik elkartu ahalko dira.
Ostalaritzako establezimenduen barrualdea itxita egongo da Nafarroan bederatzi egunez koronabirusaren hedatzea geldiarazteko asmotan. Joan den asteartean Foru Gobernuak hartutako neurriak babestu zituen Nafarroako Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salak.
Jatetxe eta tabernen barruan jarduna debekatuta egongo apirilaren 1etik 9ra, biak barne. Dena dela, honako ekintza salbuetsita egongo dira: kontsumizioa eskatzea, tabakoa erostea eta komunak erabiltzea.
Terrazak % 100ean egon ahalko dira zabalik, mahai baten bueltan gehienez lau pertsona elkartu ahalko direlarik.
Horrez gain, tamaina ertain eta handiko establezimenduen gehienezko edukiera % 40tik % 30era jaitsiko da. Saltoki txikien gehienezko edukierak % 50 izaten jarraituko du.
Halaber, eremu pribatuan bizikideak bakarrik elkartu ahalko dira, Lurraldeen arteko Osasun Batzordeak adostutako "2021eko San Jose jaiegunaren eta Aste Santuaren harira osasun publikoaren alorrean jarraitu beharreko jardunbide koordinatuen Adierazpena"k jaso bezala.
Nafarroako Auzitegi Nagusiak atzoko autoan ebatzi zuenez, neurriok "osasun publikoa babesteko proportzionalak" dira.
Ildo beretik, Maria Chivite Nafarroako presidenteak esan du murrizketak bi arrazoirengatik hartu dituztela. Batetik, aldaera britainiarraren nagusitasunagatik (kasuen % 90tik gorakoa ei da) eta azken zazpi egunotako intzidentzia tasa metatuagatik: martxoaren 28an 100.000 biztanleko 157,6 kasukoa zen.
BIDEOA | Neurri berriak ezarriko dituzte Nafarroan