Txertaketa kanpaina
BEC ere txertaketa gune izango da, eta egunean 5000 dosi jartzeko gaitasuna izango du
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ezkerraldeko, Enkarterriko eta Uribeko 65 urtetik beherako herritarrak txertatuko dituzte bertan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak iragarri du Barakaldoko BEC ere txertaketa gune izango dela "aurki", eta egunean 5.000 dosi jartzeko gaitasuna izango duela.
Sailburuak Eusko Legebiltzarrean azaldu duenez, zentroan hiru erakunde sanitario integratu (ESI) hauetako 65 urtetik beherako herritarrak txertatuko dituzte: Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta, Barakaldo-Sestao eta Uribe.
Bizkaiko bigarren txertaketa gune erraldoia izango da BEC, Bilboko Casilla pabiloiaren ostean. Donostian, Illunbe ere jarri dute martxan, eta, Gasteizen, Lakua frontoia.
Sagarduiren esanetan, BECek sarbide ugari ditu eta "erantzun azkarra eta eraginkorra" ematea ahalbidetuko dio Osakidetzari. Hori bai, txertaketa erritmoa Euskadira iritsi behar diren txerto kopuruaren araberakoa izango dela zehaztu du.
Horren ildotik, ostiral honetan AstraZenecaren 42.300 dosi helduko direla aurreratu du. Osakidetzak Aste Santuko jaiegunetan ere txertatzen jarraituko du.
Orain arte, 379.462 txerto jarri dituzte Euskadin, eta 100.000 pertsona immunizatuta daude dagoeneko.