Itxi

koronabirusa

Ostiral honetan AstraZenecaren beste 42.300 dosi iritsiko dira EAEra

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak jakinarazi du milioi bat dosi banatuko dituela erkidegoen artean, eta Aste Santuan ere txertatzen jarraitzeak duen garrantzia azpimarratu du.

AstraZenecaren txertoa. Argazkia: Efe

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburuak iragarri du ostiralean AstraZenecaren 42.300 dosi iritsiko direla EAEra, eta Aste Santuko jaiegun guztietan jarraituko dutela txertaketarekin.

Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak iragarri du bihar AstraZenecaren milioi bat dosi iritsiko direla Espainiako estatura, eta astelehenean iritsitako Pfizerren eta Modernaren milioi bat dosiekin, bi milioitik gora iritsiko direla lehenengoz astebetean.

Espainiako Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde Arteko Kontseiluaren bileraren ostean emandako prentsaurrekoan, Valladoliden, Dariasek jakinarazi du bihar iritsiko diren txertoak ostiralean banatuko dituztela autonomia erkidegoen artean.

Ministroak berretsi du oso garrantzitsua dela erkidegoek Aste Santuko egun guztietan jarraitzea txertoa ematen, eta azpimarratu du txertoen erritmoa bizkortzen ari dela.

"Geroz eta abiadura handiagoa hartzen ari gara, eta dagoeneko esan dugu txertoen iritsiera hirukoiztu edo laukoiztu egingo dela lehenengo hiruhilekoaren aldean", azaldu du Dariasek.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (3)