KORONABIRUSA
Pertsona bat hil da eta 175 positibo berri atzeman dituzte Nafarroan
O. A. | EITB MEDIA
Zazpi egun daramatza jarraian 150eko langaren gainetik. Positibo tasa, berriz, % 10,9koa da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Nafarroan pertsona bat hil da eta beste 175 positibo atzeman dituzte azken 24 orduetan, bezperan baino 21 gehiago. Gauzak horrela, azken zazpi egunetan kasu berrien kopurua 150etik gorakoa izan da, egunero.
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera, azken egunean 1.593 proba diagnostiko (PCR eta antigeno test) egin dira, eta positibo tasa % 10,9koa da.
Erietxeetako datuei erreparatuta, 150 pertsona zeuden atzo ospitaleratuta, bezperan baino bost gehiago. Atzo sei pertsona ospitaleratu zituzten, horietako bi zainketa intentsiboen unitatean (ZIU). Guztira, 24 gaixo daude ZIUan eta beste 112, ostera, gela arruntetan. Gainera, 14 pertsona daude etxean ospitaleratuta.
Azken 24 orduetan 86 urteko emakume bat hil da, eta pandemia hasi zenetik 1.127 dira koronabirusagatik hildakoak Nafarroan.
Udalerri eta eremu kaltetuenei dagokienez, Tutera (positiboen % 32), Iruñerria (% 31) eta Lizarra ( % 21) ageri dira goi-goian. Gainerako positiboak (% 16) Nafarroako beste toki batzuetan atzeman dituzte.
Adinari begiratuta, berriz, 30 eta 44 arteko adin tartean atzeman dituzte positibo gehien (% 25). Atzetik daude 60-75 urteko tartea (positiboen % 23) eta 45-59 urteko tartea (positiboen % 20). Positibo berrien batez besteko adina 43,5 urtekoa da.
Itxiera perimetrala Arguedasen
Nafarroako Gobernuak Arguedas udalerria perimetralki ixtea agindu du, kutsatzeen gorakada eteteko. 2.300 biztanle inguru dituen udalerriak ia 2.810eko intzidentzia tasa metatua du azken 14 egunetan.
Itxiera perimetrala datorren gauerdian sartuko da indarrean eta gutxienez bi aste iraungo du.