Koronabirusa
EAEn 450.000 dosi eman dituzte, jasotakoen % 95, gordetakoak zenbatu gabe
agentziak | eitb media
80 urtetik gorakoen % 36 immunizatuta daude, eta % 72,6k jaso dute lehenengo dosia.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan koronabirusaren aurkako 450.000 dosi eman dituzte, astelehenera arte jasotako 469.000 dosietatik; hau da, eskuragarri dituzten txertoen % 95. 80 urtetik gorakoen % 36 immunizatuta daude, eta % 72,6k jaso dute lehenengo dosia, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak gaur jakinarazi duenez.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren bozeramailearekin batera emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, EAEn txertaketa kanpaina hasi zenetik, jasotako txertoen % 95 banatu dituzte, bigarren dosia bermatzeko gordeta dituztenak kontuan izan gabe.
Gainera, Osakidetzak txertoa ematen jarraitu du Aste Santuko jaiegunetan ere. Hala, AstraZenecaren 52.800 dosi eman zituen ostiral goizean, zaharrenei emandako Pfizerren txertoez gain.
Bi adin tartetan ari dira txertoa ematen asteotan EAEn: 80 urtetik gorakoak Pfizerrekin (astearte honetan beste 70.200 dosi iritsi dira) txertatzen ari dira, eta 65 urtekoak eta hortik beherakoak, AstraZenecarekin.
Gaurdaino, 80 urtetik gorakoen % 72,6k jaso dute txertoaren lehenengo dosia, eta horien % 36 daude immunizatuta, bigarrena jasota. Osakidetzaren helburua kolektibo horri txertoa "albait azkarren" ematea omen da.