Itxi

Koronabirusa

Eusko Jaurlaritzaren ustez, EMAren aholkua "ez da alde batera utzi behar"

A. O. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Sendagaien Europako Agentziak (EMA) azpimarratu duenez, txertoaren onurak lehenetsi behar dira, gaixotasuna, ospitaleratzeak eta heriotzak saihesteko eraginkorra delako.

Your browser doesn’t support HTML5 video

60 urtetik beherako pertsonen artean AstraZenecaren txertoa jartzeko prozesua bertan behera uztea erabaki zuen atzo Espainiako Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluak, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bilera horretan hartutako erabakiak beteko dituela berretsi du, atzo proposamen horri abstentzioa ematea erabaki zuen arren.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohar batean azaldu duenez, Euskadi abstenitu egin zen, "erabakiak ez zuelako aintzat hartu Sendagaien Europako Agentziaren (EMA) aholkua eta ez zuelako Osasun Publikoaren Batzordearen gomendioa entzun arte itxaron". Osasun Sailaren arabera, "eztabaidarako eta erabakitzeko organo tekniko horiek ez dira alde batera utzi behar, herritarrei ziurtasuna ematen baitiete".

Dena dela, AstraZenecaren fitxa teknikoan odolbilduak "albo-ondorio oso arrarotzat" agertzea eskatu du EMAk. Erakunde horren esanetan, txertoaren onurak lehenetsi behar dira, gaixotasuna, ospitaleratzeak eta heriotzak saihesteko eraginkorra delako.

Horrela, oraingoz, Euskadik 60 eta 65 urte bitarteko pertsonei jarriko dizkie AstraZeneca enpresa farmazeutikoak garatutako txertoaren dosiak.

Osasun Sailak deitoratu egin du AstraZenecari buruzko erabakiek herritarrengan sortutako "nahasmena", "bereziki lehen dosia jaso dutenen edo laster jasoko dutenen kasuan".

Nolanahi ere, aipatzekoa da Euskadin emandako AstraZenecaren dosietatik ez dela txertoari lotutako albo-ondorio larririk izan.

Horrenbestez, Osasun Sailak gai horri buruzko informazioa ematen jarraituko du, txertaketa-estrategiari eta bigarren dosia emateari buruzko berritasunak dauden neurrian.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (4)

Bideoak (1)