Itxi

Koronabirusa

Intzidentzia metatuak gora egiten jarraitzen du EAEn, 371 kasutan baitago

E. G. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Jaurlaritzaren Bizi Berri III planean jasotako adierazle guztiek okerrera egin dute, bereziki R0 indizeak (1,13) eta ZIUetako egoerak (106 gaixo kritiko). 792 positibo zenbatu dituzte.

Galdakaoko Ospitaleko ZIU gela bat. Artxiboko argazkia: EFE

Kutsatzeen kurbak goranzko joerari eutsi dio azken orduetan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta adierazle esanguratsuenetakoa den 14 eguneko intzidentzia tasa metatuak igotzen jarraitzen du, 371,96 kasutan baitago 100.000 biztanleko. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Bizi Berri III planean jasotako adierazle nagusi guztiek okerrera egin dute, batez ere R0 indizea (positibo bakoitzak zenbat jende kutsatu dituen zehazten duena), 1,13, eta ZIUetan okupatuta dauden logela kopurua (106).

Jaurlaritzako Osasun Sailak egindako txosten epidemiologikoaren arabera, ostegunean 10.709 proba diagnostiko egin zituzten, eta 792 positibo izan ziren. Hala, bezperan baino proba gutxiago eginda, kasu gehiago atzeman zituzten (lau gehiago), positibotasun tasa apur bat igota (% 7,1etik % 7,4ra).

Intzidentzia tasa metatuari dagokionez, aipatzekoa da igoera (8,55 puntukoa) aurreko egunetakoa baino apalagoa dela. Dena dela, tasa horrek egunak daramatza etengabe hazten, eta 400 kasutik gero eta gertuago dago EAE. Arabak, esaterako, berriro gainditu du langa hori (409,74 kasu), eta gune gorrian sartu da atzera (hala egin zuen apirilaren 2an ere). Gipuzkoa ere 400dik gora dago, 431,25 kasurekin, hain justu. Azkenik, Bizkaiak 100.000 biztanleko 317,39 kasu ditu (bezperan 315,57 izan zituen), eta laranjaz margotutako lurralde bakarra da.

Eguneko datuei erreparatuta, Gipuzkoan zenbatu dituzte positibo gehien (334, bezperan baino 38 gehiago), Bizkaian 314 izan dira (aurreko egunean baino 59 gutxiago) eta Araban, 140 (+27). Horrez gain, EAEtik kanpo bizi diren lau kutsatze gehiago atzeman dituzte (asteazkenean sei izan ziren).

Ospitaleetako egoera ere ez da samurra. 74 gaixo ospitaleratu behar izan dituzte covid-19ak jota, bezperan baino bederatzi gehiago, eta ZIUetan ere areagotzen ari da presioa: 106 ohe daude okupatuta, aurreko egunean baino hiru gehiago.

Bestalde, tasen arrazoia (14 eguneko intzidentzia tasa metatua duela astebetekoarekin alderatzen duena) hazi egin da, eta 1,21ean dago EAEn (bezperan 1,20), baita oinarrizko birsorkuntza tasa ere (R0 delakoa, positibo batek kutsa ditzakeen pertsona kopurua neurtzen duena), 1,13an baitago (asteazkenean 1,10ean).

Udalerriei dagokienez, egoera epidemiologikoak txarrera egin du Lasarte-Orian (Gipuzkoa) eta Muskizen (Bizkaia), eta 400 kasuko langa gaindituta, udalerri gorri dira, koloreetako semaforoaren arabera. Gunerik latzenean jarraitzen dute, gainera, Arabako eta Bizkaiko hiriburuek (Gasteiz, 447,42 kasurekin eta Bilbo, 400,60rekin). Donostia eremu gorritik urrun dago, oraingoz (293,87).

Dena dela, gaurko semaforoan izandako aldaketek ez diote eragiten murrizketekin (itxiera perimetralean eta ostalaritzako ordutegi mugatuekin) dauden 26 udalerrien zerrendari. Izan ere, astelehenera arte, apirilaren 12ra arte, ez dute berrituko, betiko moduan, ebazpen bidez. 

Nafarroa, eguneko 300 kasutik gertu

Foru Erkidegoan datuak ez dira hobeak. Izan ere, azken orduetan 283 positibo berri atzeman dituzte, bezperan baino 61 gehiago. Urtarrilaren 21etik izandako daturik altuena da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (5)