Itxi

Azterketen filtrazioak

Osakidetza 2016-2017ko hautaproben ikerketa "oztopatzen" ari dela salatu du ESKk

EiTB Media | Agentziak

Leer en Castellano

Sindikatuaren ahotan, gertatutakoa argitzeko "funtsezko" dokumentazio bat eskatu dio auzitegiak Osakidetzari, baina EAEko osasun zerbitzu publikoak “ez dio igorri”.

EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

Osakidetza 2016-2017ko lan eskaintza publikoan ustez izandako azterketen filtrazioak argitzeko ikerketa judizialari laguntzen ari ez zaiola adierazi du ESKk. Sindikatuak salatu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun zerbitzu publikoak “ikerketa prozesua oztopatzeko borondate argia” du.

Sindikatuak prentsa ohar batean azaldu duenez, gertatutakoa argitzeko “funtsezko” dokumentazio bat eskatu dio auzitegiak Osakidetzari, baina EAEko osasun zerbitzu publikoak “ez dio igorri”. ESK Gasteizko instrukzio-epaitegian ebazten ari den auzian akusazio partikularra da.

Osakidetzak “ikerketa prozesua oztopatzeko borondate argia du”, errepikatu du ESKk. “Prozesuan kaltetutako eragile bezala parte hartzea eskatu zuenean” ere osasun zerbitzu publikoak jarrera berdina izan zuela gogorarazi du sindikatuak.

"Borondaterik ez"

Sindikatuaren hitzetan, “egiturazko ustelkeria sistema” desegiteko, “ezinbesteko” neurriak hartzeko “borondate eza” agerian uzten du Osakidetzaren zuzendaritzaren eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren jarrerak.

“Praktika horien aurkako jarrera argia eta horiekin amaitzeko konpromisoa”, eskatu die ESKk Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusiari eta Osasun sailburuari.

Lekukoen testigantza

Datorren astelehenean zenbait lekukok deklaratu behar zuten epaiketan, baina aldeetako baten osasun arazoak direla medio bertan behera utzi behar izan dute.

Besteak beste, Jose Muñiz Oviedoko Unibertsitateko irakasleak deklaratu behar zuen. Osakidetzak agindutako azterketa psikometrikoa egin zuen Muñizek. Lan eskaintza publikoaren emaitza batzuetan irregulartasunak antzeman zituen azterketan, baina ez zuen filtraziorik egiaztatu.

Sindikatuek salaketak aurkeztu eta EAEko Fiskaltza Nagusiak ikerbidea abiatu ondoren, prozesu judiziala hasi zen, 19 espezialitate medikotan irregulartasunak izan ote ziren argitzeko.

Jon Darpon Osasun sailburuak, Maria Jesus Mugica Osakidetzako zuzendari nagusiak, Juan Carlos Soto Giza Baliabideetako zuzendariak eta Xabier Balerdi zuzendariordeak dimisioa eman zuten.

Egun zazpi pertsona ikertzen ari dira auzian: Neurokirurgia epaimahaiko presidentea eta beste arduradun bat, baita Neurofisiologia, Digestibo, Anestesiologia, Angiologia eta Kirurgia Plastikoa ere.

Albisteak (3)