Koronabirusa
920 kasu atzeman dira EAEn eta 93 pertsona ospitaleratu dituzte azken orduotan
E. J. | EITB MEDIA
Bezperan baino 128 kasu gehiago dira. Positibitate tasa % 8,9ra igo da eta 115 pertsona daude une honetan zaintza intentsiboetako unitateetan.
Kutsatzeen kurbak goranzko joerari eutsi dio azken orduetan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Atzo 10.289 proba diagnostiko egin ziren eta 920 positiboak izan ziren ( % 8,9). Bezperan, 10.709 proba egin zituzten, eta 792 positibo izan ziren ( % 7,4).
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako eguneroko txostenaren arabera, 126 kasu berri atzeman zituzten ostiral honetan Araban, 436 Bizkaian, 343 Gipuzkoan eta 15 beste autonomia erkidego batzuetatik etorritako pertsonengan.
Ospitaleen egoerari dagokionez, atzo 93 pertsona ospitaleratu zituzten, eta 115 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan arrazoi horregatik.
Ohi bezala, udalerriei buruzko informazioa, RO indizea eta metatutako intzidentziaren datua ez dira astelehenera arte eguneratuko.
Beste 222 kasu Nafarroan
Azken egunotako joera kezkagarriari jarraiki, beste 222 kutsatze diagnostikatu zituen atzo Nafarroako Osasun Sailak. Kopuru altua da, baina bezperan baino 71kasu gutxiago dira, orduan 293 positibo atzeman baitzituzten, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.
2.599 proba diagnostiko egin zituzten ostiral honetan, eta horietatik % 8,5ek positibo eman zuten, aurreko egunean baino gutxiago (%9,1).