KORONABIRUSA
Gizon bat hil da Nafarroan covid-19ak jota, eta 168 positibo detektatu dituzte
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Positibo tasa % 7,5ekoa da. Horrez gain, atzo beste 13 pertsona ospitaleratu zituzten, horietako hiru zainketa intentsiboetako unitateetan.
Koronabirusaren ondorioz Nafarroan 78 urteko gizon bat hil dela jakinarazi du gaur Osasun Publikoko Institutuak. Halaber, atzo 168 positibo antzeman zituzten, 2.228 proba egin ostean, eta positibotasun-tasa % 7,5ean kokatu da.
Horrez gain, atzo beste 13 pertsona ospitaleratu zituzten, horietako hiru zainketa intentsiboetako unitateetan. Guztira, 197 lagun daude erietxean covid-19ak jota: 143 gelatan, 40 zainketa intentsiboetako unitateetan eta gainerakoak etxean ospitaleratuta.
Pandemia hasi zenetik 56.539 pertsona kutsatu eta 1.141 hil dira Nafarroan.
2020ko irailaz geroztik, Nafarroa da birusa detektatzeko proba gehien egiten dituen erkidegoa: 1.193,37 test 100.000 biztanleko. Osasun Ministerioaren arabera, Estatuko batez bestekoa 801,61koa da.
Atzo atzemandako positiboen % 49 Iruñerrian eman dira; % 17, Tutera inguruan; % 13, Lizarraldean; eta % 21, Nafarroako gainerako zonaldeetan.
Adina kontuan hartuta, positibo gehienak, hurrenez hurren, ondoko adin tarteetan eman dira: 15-29 urte (% 27), 45-59 urte (%23), 30-44 urte (%19), 15 urtetik beherakoak (%14), 60-75 urte (%13) eta 75 urtetik gorakoak (%4).
Kutsatu berrien batez besteko adina 37,5 urtekoa da.