Itxi

koronabirusa

Maiatzaren 9an ospatuko da Herri Urrats, tokian tokiko ekitaldi xumeekin

eitb media

Leer en Castellano

30 ekitaldi antolatuko dituzte herriz herri, Bigarren Hezkuntzako ikastola baten sorrerarako 300.000 euro biltzea helburutzat duen bestelako edizio honetan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ipar Euskal Herriko ikastolek ezingo dute Herri Urrats ohi bezala ospatu, bigarren urtez jarraian, pandemia egoera dela eta. Senpereko aintziran ospakizun erraldoi bakarra egin ordez, 30 ekitaldi xumeago antolatuko dituzte maiatzaren 9rako, ikastolak dauzkaten herrietan.

Hala ere, ekimenak aurrera jarraitu du eta sareko kanpaina da nagusi aurten, 300.000 euro biltzeko helburuarekin. Seaska Iparraldeko ikastolen federazioak ikastetxe berria sortu nahi du horrela Hazparne aldean, Bigarren Hezkuntza eskainiko lukeen bosgarrena.

"Boga" da 2021eko kanpaina honen leloa, 2011. urtean Ondarroako ikastolaren Ibilaldiak erabili zuena berreskuratuz. Herri Urrats ekimena eta arrauna parekatu nahi izan dituzte horrela, kirolean bezala, "ekimena, ikastolak eta Seaska elkarlanari esker" doazelako aurrera, "denak zentzu berean". Gainera, Xiberoots talde zuberotarrak "Baga Biga Boga" abestia prestatu du edizio berezi honetarako.

Aurten ere, 2019an bezala, ezingo dira 50.000 pertsonatik gora elkartu Senperen, baina "30 Herri Urrats" izango dira. Hala, ikastola bakoitzak antolatuko du bere herriko egun sinbolikoa. Ibilaldiak, janari-salmenta edo jantzi-salmenta hautatu dituzte horietako askok eta, Herri Urratseko arduradunen esanetan, "ospakizunaren betiko osagaiak hor izango dira: euskara, giroa, janaria eta dantza".

Ikastolen aldeko urratsak

Bardozen, Lapurdi iparraldean, Seaskako 38. ikastola irekiko dute irailean, antolatzaileei Bigarren Hezkuntzako bosgarren eskola eraikitzeko itxaropena emanez. Ihintza Bidart Herri Urratseko bozeramailearen esanetan, "denon ardura da" eskola hori eraikitzea, "denek izan dezaten euskaraz ikasteko eskubidea eta aukera".

Testuinguru honetan, Frantziako Nazio Biltzarrak hizkuntza gutxituen aldeko legea onartu izana txalotu du Seaskak, baina, Hur Gorostiaga zuzendariaren hitzetan, "ez dugu esperantza gehiegirik ere sortu behar, Gobernuaren iritziaren kontra erabaki delako lege hori". Orain legea aplikatu behar duena Gobernua dela diote Seaskatik, eta "badakigu ez digula sekula oparirik egingo".

Bideoak (1)