Itxi

Koronabirusa

Pfizerren txertoa izango da Europaren apustua txertaketa helburuak betetzeko

E. G. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Hiruhileko honetan 50 milioi dosi aurreratuko dizkio Pfizerrek EBri. Gainera, Hogeita zazpiek 1.800 dosi negoziatuko dituzte 2022 eta 2023 urteetarako.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Pfizer-BioNTech farmazia-enpresek 50 milioi dosi aurreratuko dizkiote Europar Batasunari (EB) apiriletik aurrera, eta, hala, EBk txertaketa-helburua bete ahalko du, hau da, uda amaierarako jendartearen % 70 immunizatuta egotea.

"Akordio batera heldu gara BioNTech-Pfizerrekin, eta beste behin, azkarrago jasoko ditugu txertoak: 50 milioi dosi helduko dira bigarren hiruhilekoan, apiriletik bertatik hasita", iragarri du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak galdera bako agerraldi batean. 

Dosiok 2021eko azken hiruhilekorako zeuden aurreikusita, baina, bigarrenera aurreratuta, % 25 haziko da hornidura, apiriletik bertatik hasita.

Europako Batzordeak txertoak erosteko diseinatutako erosketa-sistemaren bidez, EBk 600 milioi dosi erosi dizkio guztira germaniar-estatubatuar partzuergoari.

Johnson & Johnsonek, bestalde, 2021ean 400 milioi dosi ematea aurreikusita zuen, hornidura eten aurretik.

"Oraindik faktore askok alda dezakete txertoak emateko egutegia. Horregatik, bizkortasunez jokatzea, erreakzionatzea eta ahal den guztietan doitzea garrantzitsua da", adierazi du Von der Leyenek.

Ehun milioi txertatze EBn

Europako Batzordeko presidenteak gaineratu duenez, "txertaketa bizkortzen ari da Europan", eta asteazken honetan "EBn 100 milioi dosi jartzea" lortu dutela azpimarratu du; horrek esan nahi du 27 milioi herritarrek osatu dutela pauta osoa.

Von der Leyenek berariaz eskertu dio Pfizer-BioNTechi EBrekiko duen harremana, eta "konpromisoak bete" dituen eta bloke komunitarioaren beharretara "erreakzionatzen" duen "bazkide fidakortzat" deskribatu du.

Alemaniako politikariak iragarri du, ofizialki, Batzordeak covidaren aurkako bigarren belaunaldiko 1.800 milioi txerto negoziatuko dituela 2022 eta 2023rako, "immunitatea indartzeko eta luzatzeko", birusaren aldaera berriak ager daitezkeela aurreikusten delako.

Europako Batzordearen asmoa da 900 milioi dosi erostea, eta beste 900 milioi, aukeran, bai eta txertoak, osagai guztiak barne, Europar Batasunean sortzea ere.

Albisteak (2)

Bideoak (2)