Koronabirusa
Janssenen txertoa emateko kanpainari eustea erabaki dute Frantzian
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Frantziako Gobernuak azpimarratu du txerto horrek Sendagaien Europako Agentziaren oniritzia daukala, Ameriketako Estatu Batuetan txertaketa aldi baterako etetea erabaki badute ere.
Frantziako Gobernuak Johnson & Johnson enpresa-farmazeutikoaren Janssen txertoa emateko planarekin aurrera jarraitzea erabaki du, zenbait tronbosi kasu agertu ostean Ameriketako Estatu Batuetan txertaketa aldi baterako etetea erabaki badute ere.
AstraZenecarena bezala, 55 urtetik gorako pertsonak immunizatzeko erabiliko dute Janssenen txertoa. Aste hasieran 200.000 dosi jaso zituzten eta dagoeneko osasun zentroetan eta farmazietan banatzen hasi dira.
Gabriel Attal Frantziako Gobernuaren bozeramaileak azpimarratu du Janssenen txertoak Europako eta Frantziako osasun agentzien oniritzia jaso duela, eta erantsi du ulertzen duela herritarren artean zalantzak sortu izana AstraZenecaren txertoaren harira, tronbosiak eragin ditzakeela zabaldu delako.
Alabaina, Attalek ziurtatu du Frantziako Gobernuak AstraZenecari buruz duen iritzia ez dela aldatu, eta nabarmendu du adituek berretsi egin duela covid-19ari aurre egiteko ezinbestekoa dela eta detektatu diren tronbosi kasuak "ezohiko albo-ondorioak" direla eta txertoaren onurak arriskuak baino askoz handiagoak direla.
Txertaketa kanpaina abendu bukaeran abiarazi zenetik, 11,3 milioi herritarrek jaso dute lehendabiziko dosia –Frantziako herritarren % 16,9- eta 3,9 milioi dira bi dosiak hartu dituztenak (% 5,9).