Itxi

Alarma egoera

Zupiria: "Ezin diogu sinestarazi jendeari maiatzaren 9an egoera aldatuko denik"

EiTB Media | Agentziak

Leer en Castellano

Udazkenerako Euskadiko biztanleriaren "% 70 edo 60k" txertoa jasotzea "albiste oso pozgarria" izango litzatekeela ziurtatu du Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ETB1en.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen hitzetan, arduradun politikoek "jendeari ezin diogu pentsarazi" maiatzaren 9an "osasun egoera larria" gaindituko denik, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak egun horretan alarma egoera altxatzeko asmoa iragarri ondoren.

Sanchezen hitzak entzunda, “alarma egoeraren amaierarekin, maiatzaren 9an guztia libre izango dela eta egoera dagoeneko gaindituko dugula sinetsi du jende askok”, adierazi du Zupiriak ETB1en. “Gizartearen ikuspuntutik kezkagarria da”, onartu du.

“Arduradun politikoek jendeari maiatzaren 9an osasun egoera larria gainditu eta bizimodu guztiz libre batera goazenik ezin diogu pentsarazi. Ez da horrela izango, eta ez da horrela izango asteetan eta hilabeteetan; ondorioz, egokia litzateke adierazpenak egiten ditugunean kontu handiz ibiltzea, batez ere ardura politikoak ditugunok”, azpimarratu du.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ziurtatu duenez, alarma egoeran neurri murriztaileak aplikatzeko tartea “dagoeneko txikia eta estua da”, eta alarma egoeraren babesik gabe, “egoera asko korapilatuko litzateke, eta osasun egoera ez da askatasunez ibiltzeko modukoa”.

Zentzu horretan, Jaurlaritzak osasun publikoko krisi egoerak kudeatzeko legea onartu nahi duela gogorarazi du Zupiriak. Arauaren helburua “legez euskal erakundeei dagokiena ezartzea, eta osasun egoera batean edo bestean hartu beharreko neurriak argi zehaztea da, lege baten babespean”, gaineratu du bozeramaileak.

"Ez da horrela izango, eta ez da horrela izango asteetan eta hilabeteetan"

Bestalde, Euskadin pandemiak izango duen bilakaeraren inguruko aurreikuspenak egitea “oso zaila” dela uste du Zupiriak. “Azken hamar egunetan kutsatuek eta ospitaleratzeek gora egin dute, eta lehen baino pertsona gehiago daude ZIUn”, deitoratu du.

Gainera, udazkenerako Euskadiko biztanleriaren “% 70 edo 60k” txertoa jasotzea “albiste oso pozgarria” izango litzatekeela esan du buruzagiak, baina txertaketa prozesuak aurrera egiteko “baldintza bakarra dosi nahikoak heltzea” da, gogorarazi du.

Zentzu horretan, orain arte “txerto horniduraren aurreikuspen guztiak ez dira bete”, deitoratu duenez. Eusko Jaurlaritzak “ia egunero” informazioa jasotzen du, baina “askotan kontraesankorra da”; eta honenbestez, “ia ezinezkoa da aurreikuspenak egitea eta txertaketa nola gauzatuko den zehaztea”, erantsi du.

Azkenik, Athleticek Bartzelonaren kontra larunbat honetan jokatu beharreko Kopako finalaren atarian, Bilbon bildu daitekeen jendetzari buruz, “erabaki pertsonalek taldeko erabaki edo jokabideak sortzen dituzte”, esan du Zupiriak. Horregatik, “arauak betetzearen garrantzia”, azpimarratu du agintariak.

Albisteak (6)

Bideoak (1)